Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bederatzi hilabete badira euskarazko hedabide ez publikook agerraldi publikoa eta kanpaina bateratua egin genituela, hiru helburu nagusirekin:
1. Sektorearen estrategikotasuna eta beharra nabarmentzea. Komunikazioaren eta hizkuntz normalizazioaren ikuspegitik
ez ezik, ekonomia ikuspegitik ere estrategikoa eta garrantzia
handikoa den sektore bati
buruz ari gara hitz
egiten.
2. Erakunde publikoei sektorearekiko konpromiso handiagoa eskatu zitzaien; publizitate-inbertsio, bestelako inbertsio
eta laguntza handiagoak,
gaurtik bertatik hasita.
3. Horretaz gain, sektoreak egoeraren analisia egin, eta
analisi horretatik abiatuta
ildo nagusiak erakundeekin
lantzen hasteko konpromisoa hartu zuen.
2012. urtea ate-joka dugu, eta erakundeetatik sektoreari begira jasotzen ari garen mezuak kezkagarriak dira, ikaratzeko modukoak.
1. 2012rako aurrekontu proposamenean jasota daudenak betetzen badira, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideentzako zituen diru-laguntzak ezerezean izango dira,
2012ko aurrekontuetatik
erabat desagertuko da hedabideetan euskara sustatzeko
diru partida. Gainera, 2011ko
bigarren epealdiko laguntzak
desagertzeko arriskua ere handia da.
2. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak onartzen badira, erakunde horrek aurten baino 400.000 euro gutxiago bideratuko du 2012an hedabideen diru-laguntzetara. Urteetan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrak goraka joan direnean, euskalgintzara eta euskarazko hedabideetara bideratutako diru sailak ez dira handitu; orain, aurrekontuetan estutasunak sortu direnean, ez dago gupidarik: lehendik estu dabilen sektore bati are kalte handiagoa egiteko aukera zabalduko da.
3. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2011ko diru sailari eustea aurreikusi du —aurreko bi urteetan asko jaitsi da diru sail hori, eta ez du handituko—. Bizkaiko Foru Aldundia da 2012rako bere aurrekontuetan diru saila handitzea aurreikusi duen bakarra
—47.500 euro gehiago, %12ko
igoera—.
4. Eta zer esanik ez Iparralderi buruz, non euskaldun hiztunen galera bizkorra (hizkuntza politika publiko baztertzailearen ondorioz) anbiziorik gabeko
hizkuntza politikarekin paraleloan doan. Enpresa pribatuek euskarazko hedabide berriak sortzen dituzten bitartean, laguntza publikoak oraindik geldialdi berean mantentzen dira, eta, aldi berean, botere publiko gehienek ez dituzte kontuan hartzen euskarazko hedabideak beren publizitate kanpaina ordainduetan.
Jakitun gara sektorearen etorkizuna gure lanaren baitan dagoela nagusiki. Guk geuk ere aztertu behar ditugula gure indarguneak eta ahuldadeak, sektorean elkarrekin jardunda errazagoa izango zaigula garai zail honi aurre egitea. Zeregin horretan ari gara hilabete
hauetan, eta laster batean
gure hausnarketa instituzioetako arduradunekin partekatu ahal izango dugu. Baina
argi dugu aurrera egiteko ezinbestekoa dugula erakunde publikoen laguntza handiagoa,
eta hori ari gara aldarrikatzen une honetan.
Gaur egungo erakunde
publikoen dinamikak ez du
asko laguntzen bide horretan, eta ezin dugu isilik geratu ikusten dugunean euskarazko hedabideen sektoreak ez duela erakunde publikoen 2012ko aurrekontu proposamenetan behar eta merezi duen trataera jasoko, ustez denen begietara sektore ezinbesteko eta estrategikoa izan arren. Horregatik, erakundeei publikoki eskatzen diegu gaiaren garrantzia kontuan hartzeko, eta aurrekontuak ahalik eta gehien egokitzeko, partidak handituz.