Zarauzko Udalak gazteen lokaletan gutxiengo baldintzak betetzen diren aztertuko du, haien segurtasuna bermatze aldera. Hala, lokalen errolda egingo du, besteak beste, larrialdi irteerak, irisgarritasuna, suteen aurkako neurriak, instalazioa elektrikoa eta ur hornidura zein egoeretan dauden aztertu ahal izateko.
EAJk aurkeztu zuen gazteen lokalen araudiaren inguruko mozioa herenegungo Osoko Bilkuran, eta aho batez onartu zuen Udalbatzak. Ildo horretatik, gazteentzako gutxieneko segurtasun baldintzak bermatze aldera, beharrezko neurriak har ditzala eskatu zion Udal Gobernuari. Horrez gain, lokalak etxebizitzen eraikin berean edo gertu dauden kasuetan bizilagunen eta gazteen artean errespetuzko elkarbizitza bultzatzeko proposatu zion, «batzuek atsedenerako eta besteek aisialdirako duten eskubideak ahal den neurrian uztartuz». Lan hori Herrilan eta Gazteria sailetik bideratu beharko litzatekeela adierazi zuen EAJko bozeramaile Imanol Lasak.
Hirigintza zinegotzi Iñaki Eizagirrek pasa den irailetik saileko teknikariak arautze horretan lanean ari direla jakinarazi zuen, eta beraz, ez zegoela mozioa aurkeztu beharrik: «Errolda egin eta gazte koadrilak biltzen diren lokalak baldintza orokorrak betetzen dituzten ikusiko dugu, baina ez dugu horretarako ordenantza berezirik aurreikusten». Izan ere, gaiari «sentsibilitate bereziz» heldu behar zaiola nabarmendu zuen: «Segurtasuna bermatu behar da, baina zehaztu beharra dago horren aurrean zein politika aplikatuko den. Aisialdirako erremintak eman behar al zaizkie gazteei? Lokaletara mugatu behar al da gazteen aisialdia?».
Eztabaida zabalagoa
Hori dela eta, eztabaida «modu zabalagoan» hartu behar dela nabarmendu zuen Ane Eizmendi Gazteria zinegotziak: «Garrantzitsua iruditzen zaigu hau arautzea, baina horri lotuta, Gazteria sailetik gazteen aisialdi ereduari buruz ahalik eta modurik parte-hartzaileenean eztabaida abiatzea beharrezkoa dela deritzogu. Gu ez gaude gazteen lokalen aurka, aisialdi eredu duin eta sano baten alde, baizik». Gazteek aisialdia «lokalen bidez harremandu edota antolatu nahi badute», berriz, lokal horiek segurtasunez arautzeko prestutasuna agertu zuen Eizmedik.
PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak bat egin zuen Eizmendirekin. Haren esanetan, gazteen segurtasuna bermatu beharra dago, «pasa den asteko ezbeharraren gisakorik gerta ez dadin»—pasa den asteartean adin txikiko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, lokal batean zegoela beste gazte bat objektu zorrotz batekin zauritu zuelakoan—. Baldintzak arautzea egokia iruditzen zaigu».
Aralar-EBko bozeramaile Andoni Ibargurenek ere segurtasuna bermatu behar dela adierazi zuen, baina hori «gazteen eta gaztetxoen partehartzearekin» egin behar dela zehaztu zuen.