
Hirugarren urtez jarraian, Erdi Arora itzuliko da Zarautz datozen egunetan. Izan ere, Kataluniako Pegasus elkarteak eta Udalak Erdi Aroko Azoka antolatu du. Ildo horretatik, larunbatetik hasi eta abenduaren 7a, asteazkena, bitartean, V. eta XV. mende bitarteko itxura hartuko dute udalerriko kaleek. Hala, garaiko apaindura, artisautza eta kale animazioa izango dira nagusi, besteak beste.
Ohi bezala, Lege Zaharren Enparantzatik Erriberazahar kalerako eremua hartuko du azokak, eta postuez gain, hainbat jardunaldi izango da.
Guztira, 90 postu
Larunbatean irekiko dute azoka, 17:00etan. Datozen egunetan, berriz, ordutegi zabalagoa izango du. 10:00etan irekiko dituzte postuak, eta 14:30ean itxi. Arratsaldez, berriz, 17:00etatik 22:30a bitartean izango dira zabalik askotariko postuak.
Guztira 90 bat postu izango dira aurten, iaz baino 20 gehiago. Horietan egurrezko kaxak, keramika, jostailuak, baler medizinalak, bitxiak, ogia, gozokiak edota pastak izango dituzte salgai, besteak beste.
Horretaz gain, kale antzezlanak eta haurrei zuzenduriko tailerrak ere egingo dituzte. Horrez gain, etxeko txikienek pottokan ibilaldia egiteko aukera izango dute azoka zabalik dagoen bitartean. Halaber, pertsonaia mitologikoz beteko dira herriko kaleak, eta hainbat antzezlan egingo dute.