
Hemezortzigarrenez, gitarra doinuek jantziko dute Zarautz. Airean elkarteak, Zarauzko Udalarekin eta Enrique Keller enpresarekin elkarlanean, Gitarra Jaialdia antolatu du, datorren larunbatean hasi eta hilaren 7ra arte. Urtero zerbait berria eskaintzen saiatzen dira, eta aurten bi ikastaldi berezi eskainiko dituzte. Batetik, gitarra orkestrarako ikastaroa, eta, bestetik, gitarra klasikora aplikatutako gitarra elektrikoaren ikastaroa.
«Formazio klasikoa duen irakasle asko dabil gitarra elektrikoa ere irakasten. Beraz, eremu horretan eguneratzeko eta trebatzeko asmoz antolatu dugu aurtengo egitasmoa», adierazi du jaialdiko koordinatzaile eta Airean elkarteko zuzendari Eduardo Baranzanok.
Urtero bezala, gitarra-jotzaile aditu bat gonbidatuko dute jaialdira, maisu lanak egin ditzan. Aurten, Pablo Marquez argentinarrari eman diote ardura. Ibilbide oparoa duen gitarrista da, hainbat lehiaketetan saritua, eta, gaur egun, Alemanian ematen ditu klaseak. «Gitarra munduko izen nagusietako bat da, zalantzarik gabe», azaldu du Baranzanok.
Guztira, 50 ikasle pasatxok eman du izena Gitarra Jaialdian. Ikastaroak Villa Mundan eta Lizardi antzokian egingo dituzte. Izan ere, orkestrarako gitarra klaseetan 40 lagun inguru elkartuko dira, eta espazio handia behar dutenez, antzokia erabiliko dute. Irakasle lanetan, Pablo Marquezekin eta Eduardo Baranzanorekin batera, iazko gitarra lehiaketako irabazle Aitor Ucar, Juan Carlos Lorenzo, Susana Suarez Sierra eta Mikel Romero.
Ikastaroekin batera, kontzertu sorta ederra antolatu dute jaialdirako. Aipatutako hainbat irakaslek emanaldia eskainiko dute. Baranzano berak ere zuzenean joko du, Mikel Markezi lagunduz. «Biok Aian bizi gara, eta elkar ezagutzen dugu. Markezek azken diskoa aurkeztuko du, eta bertan kolaboratu dudanez, jaialdian elkarrekin joko dugu», dio koordinatzaileak. Saioa hilaren 5ean izango da, eta bikotearekin Iosune Marin gaztea ere ariko da.
Igandean, berriz, gitarra jotzaileen lehiaketa egingo dute Villa Mundan bertan, 18:00etatik aurrera. Irabazten duena irakasle gisa itzuliko da datorren urtean.
Egitaraua
Abenduak 3, larunbata
20:30ean. Lizardi antzokian, Juan Carlos Lorenzo eta Doinuzahar Kamara Abesbatza.
Abenduak 5, Astelehena
20:30ean. Lizardi antzokian, Mikel Markez + Eduardo Baranzano eta Iosune Marin. Sarrera: 5 euro.
Abenduak 6, asteartea
20:30ean. Lizardi antzokian, Aitor Ucar + Gitarra Orkestra.
Abenduak 7, asteazkena
20:30ean. Lizardi antzokian, Pablo Marquez.