‘Irakurri matte’ irakurle taldea sortu du Udalak, eta Uxue Alberdi izango du gidari

Urola Kostako Hitza 2011ko azaroaren 30a

 Zumaiako Udaleko Euskara Sailak Irakurri matte irakurle taldea sortzea nahi du, azken urteetan hainbat ahalegin egin ostean. Herritarrak euskal literaturara hurbildu daitezen, abendutik ekainera bitartean hilero elkartuko dira Alondegian. «Aurreko urteetan hainbat ahalegin egin genuen irakurle taldea sortzeko, baina ez genuen aurkitu taldea gidatuko zuen pertsonik». Oraingoan, ordea, aurkitu dute; Uxue Alberdi bertsolaria eta idazleak zuzenduko du taldea, Getarian bezala: «Behingoz taldearen ardura izango duen pertsona aurkitu izana pozgarria da», adierazi du Josune Herrerok, Zumaiako Udaleko euskara teknikariak. Dagoeneko sei lagun inguruk eman dute irakurle taldea osatzeko izena. Izan ere, ekimenean parte hartzea doakoa izango da, baina aldez aurretik inskribatu egin behar da.Hurrengo asteazkenean, abenduaren 7an, amaituko da horretarako epea. Izena emateko 943-86 50 25 telefonora deitu edo euskara@zumaiakoudala.net helbidera deitu daiteke. Euskal idazleak eta atzerrikoak Ekimenaren bidez, herrian euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatu nahi dute antolatzaileek. Euskaraz «gozagarriak diren liburuak» badaudela erakutsi nahi dute, eta, beraz, hilero irakurriko dituzten liburuak euskarazkoak izango dira. Gehienak euskal egileenak izango dira; hala nola, Harkaitz Cano, Iratxe Esnaola, Fermin Etxegoien edo Unai Elorriagarenak. Hala ere, atzerriko idazleen itzulpenak ere ezagutzeko aukera izango dute. Hala, irakurle taldeek izan ohi duten funtzionamenduaren antzekoa izango dute Zumaian ere. Lehenengo saioa abenduaren 20an egingo dute, eta izena eman dutenek ordurako Iratxe Esnaolaren Galerna liburua irakurrita joan beharko dute. Ondoren, bertan, Alberdiren eskutik liburuari edota egileari buruz hitz egingo dute. Euskal literaturara gerturatzeaz gain, idazleak ere bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Izan ere, bi hilean behin idazle bat gonbidatuko dute. Aurten, irakurle taldeko parte hartzaileek aurrez aukeratutako liburuak irakurriko dituzte; besteak beste, «denboraz kanpo» ibili direlako. Hala ere, aurrerantzean liburuen aukeraketa herritarren esku uzteko asmoa azaldu dute. Izan ere, ekimenak herrian harrera ona izango duela uste dute, «literaturak badu publikoa». Egitaraua Abenduak 20. Galerna, Iratxe Esnaola. Urtarrilak 17. Neguko zirkua, Harkaitz Cano. Otsailak 21. Bere aitaren alaba, Anne Berest. Martxoak 20. Katu jendea, Eider Rodriguez. Apirilak 17. Autokarabana, Fermin Etxegoien. Maiatzak 22. Londres kartoizkoa da, Unai Elorriaga. Ekainak 19. Izatearen arintasun jasanezina, Milan Kundera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide