
Urtero legez, Bikote Mistoen Krosa jokatuko dute hainbat eta hainbat herritarrek. Igandean izango da lasterketa, Zarauzko Kirol Elkarteko Atletismo Sailak antolatuta. Jakinarazi dutenez, froga irekia izango da. Ildo horretatik, 16 urtetik gorako gizonezkoek eta emakumezkoek osatutako bikote orok har dezake parte proban.
Guztira, 7 kilometro eta erdi egin beharko dituzte korrika parte-hartzaileek herrian zehar. Ohi bezala, udal kiroldegitik abiatuko dira 11:30ean, eta Musika Plazan amaitu. Gehienez ordubete izango dute bikoteek helmugara iristeko.
500 bikote, gehienez
Antolatzaileek 500 bikotetara mugatu dute parte-hartzea. Bikotekideek elkarrekin sartu beharko dute helmugara. Ez badute hala egiten, kanporatu egingo dituzte, edota saririk jaso gabe gera daitezke.
Aurtengo Bikote Mistoen Krosean parte hartu nahi dutenek hainbat lekutan eman ahalko dute izena. Batetik, Helmuga Kirolak dendara (Zigordia kalea, 50) bertaratu beharko dute herritarrek. Abenduaren 1a, osteguna, bitartean eman beharko da izena dendan, egun bera barne.
Bestetik, www.herrikrossa.com webgunearen bitartez ere eman ahalko da izena, ostirala bitartean. Lasterketa egunean bertan ere egongo da horretarako aukera. Proba hasi baino orduerdilehenago irteera puntura jo beharko dute parte-hartzaileek,
hala. Aldez aurretik izena ematen dutenek 20 euro ordaindu beharko dute parte hartu ahal izateko; egunean bertan, berriz, 30 euroko kostua izango du izena emateak.
Txipak eta dortsalak ere egunean bertan banatuko dituzte, irteera gunean. Bikoteko bina txip banatuko dituzte.