Adin txikiko bat atxilotu zuen Ertzaintzak astearte arratsaldean, beste bat objektu zorrotz batekin zauritu zuelakoan. Hala jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Bi gazte talderen arteko borrokaren emaitza izan zen itxuran, lokal batean gertatutakoa. Arratsaldeko zazpiak inguruan gertatu zen. Istiluen inguruko abisua jaso zuten ertzainek, eta lokalera joatean lepotik odola zeriola topatu zuten gazte bat. Anbulantzia eskatu zuten harentzat. Ustezko erasotzailea ihes egina zen ordurako, baina Udaltzaingoaren laguntzaz tren geltoki inguruan atzeman zuen Ertzaintzak, ustez borrokan parte hartu zuen beste gazte batekin batera. Polizia etxera eraman zituzten biak, eta galdeketaren ostean ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 17 urte ditu.