Irita proiektua zalantzan jartzea egotzi dio Zarauzko EAJk Aldundiari

Zarauzko Hitza 2011ko azaroaren 25a

Zarauzko EAJko ordezkariak kezkaturik agertu dira, Bilduk Irita (Zarautz) eta Estubegiko (Hernani) etorkizuneko industriaguneak bultzatzeko eskatzen zuen ebazpen proposamenaren aurka bozkatu duelako berriki. EAJk aurkeztu zuen proposamen hori Batzar Na...

Zarauzko EAJko ordezkariak kezkaturik agertu dira, Bilduk Irita (Zarautz) eta Estubegiko (Hernani) etorkizuneko industriaguneak bultzatzeko eskatzen zuen ebazpen proposamenaren aurka bozkatu duelako berriki. EAJk aurkeztu zuen proposamen hori Batzar Nagusietan, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatuz bi proiektuok babesteko eta “Lurraren Estrategia-Funtsaren bidez (FES), baliabideak jartzeko”. Eusko Jaurlaritzak bi poligonoak eraikitzeko aurreikusitako inbertsioak geldiaraziko zituela iragarri eta gero aurkeztu zuten dokumentua jeltzaleek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bildu buru duela, Iritaren aldeko proposamenari ezezkoa eman izanak Zarauzko EAJren “haserrea” eragin du. “Albiste ezin okerragoa da, eta ez dugu ulertzen”, adierazi du Imanol Lasa bozeramaile jeltzaleak. “Eusko Jaurlaritzak atzera egin ondoren, orain Foru Aldundia da proiektua ezbaian jarri duena, jakin arren Irita ezinbestekoa dela Zarautzen eta Urola Kostan aberastasuna eta lanpostuak sortu ahal izateko”. Lasak gogorarazi du bi erakundeok Iritan 6,9 milioi euro inbertitzea adostu zutela joan den otsailean, FES funtsetatik: “Orain, modu harrigarrian, konpromiso hori ahaztu eta elkarri pasatzen diote pilota”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide