Jardunean gaudenetik mila aldiz errepikatu badugu ere, berriro esango dut, ez bainaiz nekatuko: herri bat ez dute eraikuntza eta kaleek egiten, herri bat pertsonek egiten dute. Gaurko eguna, azaroaren 25a, emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna da, eta herri bat, kasu honetan Zarautz, pertsonek egiten dutenez, eta kasuaren larritasuna ikusita, ezin dut, ezin dugu, beste aldera begiratu.
Tratu txarrak egungo jendartean emakumeak jasaten duen zapalkuntza estrukturalaren ondorio dira. Txiki txikitatik rol jakin batzuk inposatzen zaizkigu, gure arteko hartu emanak botere harreman jakin batean bideratzeko, eta hori hala izanik, hauek gainditzeko ez da nahikoa prebentzioko lan hutsa, arazoaren muinari heldu eta indarrean dagoen eredua eraldatu behar da. Helburu horrekin arituko gara lanean, jarrera paternalistarik gabe eta emakumea subjektu pasibo bihurtzeko asmorik batere gabe. Baina hau lortu bitartean, ezin dugu eraso bakar bat gehiago onartu.
Indarkeria kasu bakar bat gehiegi baita, tratu txar bakoitza drama izugarria. Alde horretatik, tratu txarrak jasaten dituztenei, behar bezala artatuak izan daitezen eta justiziaren aurrean bakarrik senti ez daitezen Udalak eskura dituen baliabide guztiak eskainiko dizkiola esan behar dugu.
Indarkeria kasu bakar bat gehiegi dela esan dut, pentsa zer diren beraz, iaz Zarautzen salatu ziren 18ak, edota aurten, dagoeneko, salatu diren 11ak eta salatu ez diren gainerakoak. Umiliazioa, irainak, kolpeak edota, baita kasu batean ere, heriotza jasan dituzte. Eta bereziki aipatu nahiko nuke, askoren gogoan dagoen kasu hau, herritarrengan sortu zuen izuagatik. Egoera larria da, eta ez tratu txarrak jasan dituzten pertsonen ondorioengatik soilik; jende arteko errespetuzko joera eta bizikidetza ere urratzen dute indarkeriazko jokabide hauek, Zarautzen eta zarauztar guztien kalterako.
Gaur salaketa eguna da, baina baita aurrera begira, neurri berriak hartzekoa ere. Tratu txarrak jasotzen dituzten pertsonak artatzeko protokolo bat dugu indarrean gaur egun. Kasuaren larritasuna ikusirik, protokolo horrek izan ditzakeen hutsuneak identifikatu eta konpondu nahi ditugu, eta hezkuntzan ere lan berezia egin, tratu txarrak, gazteengan hainbeste ugaritu direnak, prebenitzeko. Prebenitu diot, ez baita nahikoa tratu txarrak jasaten dituztenak artatzea eta babestea, bakar bat gehiago gerta ez dadin lan egin nahi dugu, eta zentzu horretan arituko gara, lehen salaturiko zapalkuntza estrukturala egunez egun irauliz.
Gaurko egunez, gogoan ditut tratu txarrak jasan dituzten guztiak. Txalotu egin nahi ditut salatzera ausartu direnak, eta tratu txarra jasan, eta salaketarik jartzera ausartu ez direnei, horretarako deia luzatu nahi diet hemendik: Udala, bere bitartekoekin, ondoan izango duzue. Gure lehentasuna, hainbatetan esan bezala, jendea da, pertsonak dira. Bereziki, kasu honetan legez, zailtasunetan daudenak, sufritzen dutenak, tratu txarrak jasaten dituztenak.
Ez nuke gutun hau amaitu nahi, herritarrei, tratu txarrak jasaten dituztenei euren babesa erakustera animatu, aste honetarako Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailak, herriko hainbat talderekin elkarlanean, antolaturiko ekitaldietara gonbidatu eta Emakumeen Kontseiluak egindako lana zoriondu gabe.