Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Pasa den uztailatik itxita egon ostean, asteburuan zabalduko dituzte berriro Orioko Bariko San Nikolas elizako ateak. Eliza barruko hainbat eremu konpontzeko, azken urteetako obrarik garrantzitsuena egin dute elizan. Besteak beste, lur berria jarri dute, eta sabaia eta hormak garbitu dituzte. Halaber, teilatua eta organoa ere konpondu dituzte. Unai Manterola «gustura» da azken hilabeteetako lanekin, eta orain astebururako eliza garbitzen ari direla jakinarazi du.
Larunbatean, 19:00etako mezarako irekiko dute eraberritu duten eliza. Igandean ere goizean eta eguerdian izango dira mezak, 9:00etan eta 12:00etan. Hala ere, inaugurazio ofiziala abenduaren 4ean izango da, eta Gipuzkoako gotzain Jose Inazio Munillak aldarea bedeinkatuko du.
Aurretik ezarritako epean amaitu dituzte lan guztiak. Obrek 240.000 euroko aurrekontua zuten hasiera batean, baina Manterolak adierazi du azkenean gastuak «zerbait» igo direla, zenbatekoa zehaztu gabe. Artean, mezak eta bestelako saioak ikastolan eta parrokiako saloian egingo dituzte. Apaizaren esanetan, «normaltasunez» egin dituzte.