«Gehiegizko kontsumoari» aurre eginez, jostailuak trukatzeko azoka egingo dute Orion

Urola Kostako Hitza 2011ko azaroaren 24a

Orioko Herrio natur-taldeak jostailuen truke-azoka antolatu du, abenduraren 17rako. Antolatzaileen esanetan, azokaren bidez «balore garrantzitsuak» lantzen dira: «elkartruketa eta berrerabilpena», besteak beste. Horrez gain, gabonetako «gehiegizko kontsumoaren» inguruan ardura hartzea ere dute helburu ekimenaren bidez. Horretarako, ordea, herritarren laguntza behar dute: Hala, etxettan erabiltzen ez dituzten edota behar ez dituzten jostailuak izanez gero, «horiei guztiei erabilpen berria» emateko aukera dutela nabarmendu dute. Azoka eguna baino lehen jostailu bilketa egingo dute. Aurten, antolatzaileek jostailuak jasotzeko epea luzatu egin dute, eta herriko ikastetxeetara ere zabaldu dute: beraz, bihar, hilak 25, hainbat guneetan bilduko dituzte herritarrek emandako jolasak: Zaragueta herri eskolan 16:00etatik 17:00etara izango dira; Orioko Herri Ikastolan, berriz, 16:30eatik 17:30eara bitartean egongo dira; Kosta Tailerrean jasoko dituzte jostailuak, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Bihar ez ezik, abenduaren 15ean ere izango dira azken jostailuak jasotzen, 18:00etatik 20:00etara. Biltzen dituzten jostailu guztiak abenduaren 17an jarriko dituzte ikusgai herriko plazan egingo duten azokan, 10:30eatik 13:30eara eta 15:30eatik 18:00etara bitartean. Herritarrek etxetik eramaten dituzten jostailu guztiak bilduko dituzte antolatzaileek. Herrio Natur Taldeak adierazi duenez, hiru koloreen arabera antolatuko dituzte: horia, urdina eta gorria. Jostailuak eramaten dituztenek, sailkatutako koloretako txartel bat jasoko dute «nahi izanez gero»; hala, azoka egiten duten egunean txartela dutenek kolore berdineko beste jostailu baten teruke aldatzeko aukera izango dute. «Mahaietan izango ditugun jostailu desberdin guztiak ondo-ondo begiratu eta gustukoena aukeratzea izango duzue», diote. Lehentasuna txarteldunek izango dute, baina antolatzaileen esanetan, gainontzekoek ere jostailuak hartzeko aukera izango dute; izan ere, azoka egunean, azkeneko orduan, txartelik ez dutenek jostailuak aukeratu ahal izango dituzte. Halaber, egunean bertan, herritarrek etxetik eramaten dituzten jostailuak azokakoekin trukatuko dituzte. Antolatzaileek adierazi dutenez ekimena amaitzen dutenean jostailuak sobratuko balitz, irabazi asmorik gabeko erakunde batengana bideratuko dituzte. Jostailuak uzteko orduan, hainbat baldintza bete behar dituzte; batetik, materialak «osorik» eta «egoera onean» egon behar du; hau da, «norberari hartzea gustatuko litzaioken moduan». Baldintza txarretan daudenak ez dituzte jasoko, beraz. Azoka egunean, berriz, zortzi urte baino gutxiago dituzte haurrek arduradun batekin trukatu ahal izango dute jostailua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide