Igandean Zaldibarrera joateko autobusa antolatu du Udalak. Izan ere, Euskal Herriko Trikitilari Txapelketako finala jokatuko du han Ander Beldarrainek. , Arraunlariak edota Eneko Galarraga pilotaria animatzera joateko autobusak jarri izan ditu aurrez eta izan duten harrera ikusita, oraingoan ere gauza bera egitea pentsatu dute.
Autobusa igandean, azaroaren 27an, 15:30ean irtengo da autobus geltokitik eta Ander Beldarrain trikitilaria animatzera joan nahi dutenek Loretxu tabernan eman beharko dute izena. 55 eserlekuko autobusa da eta izena ematen duten lehen 55 lagunek izango dute lehentasuna.
Finalistak 18:00etatik aurrera arituko dira Zaldibarren lehian, eta herritarrek aukera izango dute Beldarrain animatzeko. Udalak modu honetan eskertu nahi izan dio Beldarraini herriko festa eta jaialdietan giroa alaitzen emandako laguntza.
Kantu txapelketa
Bestalde, egun eta ordu berean, Donostiako Antzoki Zaharrean, Gipuzkoako XV. kantu txapelketako finala jokatuko da. Han izango dira lehian Intza Unanue eta Olatz Lizaso oriotarrak Zuk gora naramazu abestiarekin. Kantu berria da R. Lovland eta Olatz Zugastirena. Finalean izango da, baita ere, Eli Huegun aiarra Katamaloren Betazalak erauztean abestiarekin.
Euskal Kantuzaleen Elkarteak urtero antolatzen du Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketa eta parte-hartzaileek kanta ezagunak eta sorkuntza-lanak aurkeztu ohi dituzte. Azken horiei merezi duten garrantzia emateko, egitasmo berria jarri zuen martxan elkarteak 2008an: txapelketan aurkeztutako sorkuntza-lan guztiekin eta saridunekin diskoa grabatzea. Aurtengo diskoa kalean da eta tartean Orioko Olaxka taldearen doinuak entzun ahal izango dira.