Orioko Udalak pozoia eta herbizidak arautuko ditu, «egoki erabil daitezen»

Urola Kostako Hitza 2011ko azaroaren 23a

 Orioko Udalak pozoien eta herbiziden erabilera «egokia» izan dadin, aurrerantzean herritarrek bete beharko duten hainbat arau kaleratu du. Hala, beste neurrien artean, arratoien kontrako pozoia erabiltzen dutenek produktua baliatu dutela adierazten duen kartela jarri beharko dute, beti ere «jendea ibiliko den lekuetan» erabiltzen badute. Oro har, herritarrek hamar arau izango dituzte betetzeko. Halaber, Udalak jakinarazi duenez, baserrietako bizilagunek eta txabola jabeek «pozoia gaizki erabiltzen badute», eurak izango dira balizko kalteen erantzule. Soberakinak, udaletxera Animaliek pozoia jango ez balute, eta produktua sobratuko balitz, berriz, udaletxera eraman beharko dute aurrerantzean, hondakina «behar bezala desegin ahal izateko». Hala, pozoia berriro erabili behar dutenean ere udaletxera jo beharko dute herritarrek, eta brigadak edo Udaltzaingoak banatuko die behar dutena. Udalak arratoien kontrako pozoia «behar den lekuetan» bakarrik erabiltzeko eskatu du: «Produktua erabiltzen duenak babestuta egon behar du, eta haurrengatik edota animaliengatik urruti baliatu beharko du», adierazi du. Halaber, pozoia haurrengatik urrun gorde behar dutela gaineratu du Udalak, baita janari, edari eta pentsuetatik ere. Euria eginez gero, berriz, poltsak zerbaiti lotuta uztea gomendatu die herritarrei, «urak pozoi-poltsak mugitzeko aukera saihesteko». Pozoia erabiltzerako orduan, eskularru iragazkaitzak soinean izan behar direla nabarmendu du, eta pozoia baliatu ondoren eskuak ondo garbitzea gomendatu. Istripua gertatu eta «ondoeza» izanez gero, berriz, medikuarengana joatean produktuaren etiketa ere eramateko eskatu die herritarrei, «ahal bada». Zentzu horretan, herritar batek pozoia irensten badu, K bitamina hartu behar duela jakinarazi du Orioko Udalak, produktua koagulazioaren aurkakoa delako, eta hori saihesteko. Herbizidak, seinaleekin Herbiziden kasuan, Udal ordezkariek jakinarazi dute herrian erabiltzen dituzten herbizidak ez direla «arriskutsuak pertsonentzat eta animalia txikientzat». Hala ere, Udalak produktua erabiltzen duenean eremua seinalizatu egingo du, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen. Herritarren kezkak Azkenaldian herritarrek azaldutako «kezkei» erantzuteko asmoz arautu du pozoiaren erabilera Orioko Udalak. Pasa zen irailean, esaterako, Karkara Orioko eta Aiako orainkarian herritar batek salatu zuen «hilabete gutxian» bi txakur hil zitzaizkiola «kalean pozoinduta», eta arazoari irtenbidea emateko eskatu zion Udalari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide