Urtez urte gordinak dira Urola Kostan indarkeria jasaten duten emakume kopuruaren inguruko datuak eta gertaerak. Herririk herri eraso sexistak izan dituzten emakumeen kasuak aztertuta, gehienetan gazteak eta euskal herritarrak dira. Baina indarkeria nozitu dutenetatik gutxik jartzen dute salaketa epaitegian. Hala
gogorarazi du Urola Kostako
Koordinadora Feministak.
Baita aurten Euskal Herrian zazpi emakume hil dituztela eta batek desagertuta jarraitzen duela ere.
«Euskal Herrian tratu txarrak izaten dituzten emakumeen zerrenda etengabea da. Bi egunetik behin tratu txarrengatik norbait atxilotu egin dutela irakur dezakegu egunkarietan. Gertaerei erreparatuz gero, aurten ere garbi geratu da Urola Kosta ez dela eskualde isolatu bat. Hemen ere gertaera lazgarriak pairatzen jarraitzen dugu», diote Urola Kostako Koordinadora Feministako kideek.
Bide horretatik,Zestoa ere ez da salbuespena. Bertako udaletxean aurten hiru emakume hartu dituzte tratu txarrak jaso dituztelako. Horietatik bakarrak jarri du salaketa. Emakumeekiko indarkeria jasan dutenetatik bat 25-30 urte bitartekoa da, eta beste biak 30-45 urte artekoak. Hirutik bi euskal herritarrak dira.