
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna dela-eta, Getarian elkarretaratzea eta mural margoketa egingo dituzte ostiralean, hilaren 25ean. Muralak gaztelekuan margotuko dituzte, eguerdian, eta protesta berriz 19:00etan izango da, herriko plazan.
Urtez urte gordinak dira Urola Kostan indarkeria jasaten duten emakume kopuruaren inguruko datuak eta gertaerak. Herririk herri eraso sexistak izan dituzten emakumeen kasuak aztertuta, gehienetan gazteak eta euskal herritarrak dira. Baina indarkeria nozitu dutenetatik gutxik jartzen dute salaketa epaitegian. Hala
gogorarazi du Urola Kostako
Koordinadora Feministak.
Baita aurten Euskal Herrian zazpi emakume hil dituztela eta batek desagertuta jarraitzen duela ere.
«Euskal Herrian tratu txarrak izaten dituzten emakumeen zerrenda etengabea da. Bi egunetik behin tratu txarrengatik norbait atxilotu egin dutela irakur dezakegu egunkarietan. Gertaerei erreparatuz gero, aurten ere garbi geratu da Urola Kosta ez dela eskualde isolatu bat. Hemen ere gertaera lazgarriak pairatzen jarraitzen dugu», diote Urola Kostako Koordinadora Feministako kideek.
Horren harira, aurten emakume bat artatu dute Getariako Gizarte Zerbitzuetan, genero indarkeria medio. Tratamentu psikologikoa hartzera bideratu dutela jakinarazi dute. Urola Kostan, oro har, gisa horretako 52 kasu jakin dituzte tokian tokiko gizarte zerbitzuetan.