
Getariako Lonjan taldeak irabazi du 2011ko Kantauri Surf Liga. Herenegun eguerdian jokatu zuen finala, Zarauzko Marina Txiki surf gunean, Donibane Lohizuneko Artha taldearen aurka. Lehia bizi izan bazen ere, Lonjan gailendu zen, 51-35 puntuazioarekin. Surflari getariarrek, zarauztarrek eta oriotarrek osatzen dute taldea. Sari banaketaren ostean, ligan parte hartu duten surflariek bazkaria egin zuten, guztiek elkarrekin.
Kantauri Surf Ligako finala jokatu aurretik, finaularreko proba jokatu zuten Getarian. Hala, Lonjanek Bakio Surf Eskolari egin zion aurre Gaztetape hondartzan. Finalaren atariko saio horretan getariarrak nagusitu ziren.
Igandeko jardunaldi jokatu aurretik, Bakiok lehen postuan jarraitzen zuen sailkapen orokorrean, Getariako taldearekin berdinduta. Atzetik zuten Sopelako Peña Txuri taldea, puntu bakar batera. Baina ez zuen finala jokatzeko aukerarik izan, ez baitzituen horretarako behar beste puntu eskuratu aurreko jardunaldian. Hori dela eta, hegoaldeko taldeen artean egindako ligaxkan lehenengo postua eskuratu zuen Lonjanek, eta, ondorioz, iparraldeko taldeen txapeldunari, Artha taldeari, aurre egitea egokitu zitzaion igandean.
Surf eredua apurtzeko liga
Kantauri Surf Liga surfaren «ohiko eredua apurtzeko» asmoarekin sortu zuten. Hala, banakako lehia alde batera utzi, eta taldekoa sustatzea du helburu. Bestalde, talde bakoitza askotariko mailetako surflariek osatzen dute: neskek, 18 urtez azpikoek eta open mailakoek.