«Berrikuntzan saltoa eman behar da Urola Kostan»

Urola Kostako Hitza 2011ko azaroaren 22a

Arantxa Tapia (Astigarraga, 1963) EAJren Gipuzkoako biltzarkidea izango da gaurtik aurrera Espainiako Gorteetan. Zumaiako bizilagunak argi ditu bere alderdiak Madrilen izango dituen lehentasunak, baita Urola Kostan krisiari aurre egiteko bideak zein diren ere. Bigarren indarra izan zarete Gipuzkoan, eta eserleku bat lortu duzue. Nola baloratzen duzu emaitza? Alde batetik pozik gaude, gure posizioari eustea lortu dugulako, eta, gainera, boto gehiago jaso dugulako aurreko foru eta udal hauteskundeetatik; joera ona da, eta gustura gaude. Bestetik, gutxigatik ez dugu bigarren biltzarkidea lortu, eta sentsazio gazi-gozoa eragin digu horrek. Hala ere, orokorrean pozik gaude. Amaiurrek irabazi du Gipuzkoan, eta zuek bigarren tokia eskuratu duzue. Esperotako emaitza izan al da? Bai, aurreko hauteskundeetatik zetorren joera ikusita, gure helburua bigarren posizioari eustea zen. Izan ere, argi zegoen Amaiurren aurretik ezingo genuela gelditu. Bigarren posizioa mantentzeak senatariari eustea zekarren, eta, alde horretatik, pozik gaude, noski. Zein proiekturekin, zein lan egiteko asmoz doa EAJ Espainiako Gorteetara? Kanpaina osoan esandakoa betetzera goaz; lau lerro nagusi ditugu, eta lerro horiei ekitera goaz ahalik eta azkarren. Esaterako, Espainiako Estatuaren egoera ekonomikoa medio, ahalik eta azkarren egin behar zaio aurre langabeziari, eta egoera ekonomikoa pixka bat berpiztu behar da. Ongizate estatuari babesa eman behar zaio, bestetik. Batez ere osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak mantendu egin behar dira; momentu honetan ezin dugu murrizketekin hasi. Hortaz, gure helburua ekonomia berpiztea da, ongizate estatuari eusteko. Bestetik, bakea eta normalizazio politikoa da gure beste ardatza, estatus politiko berria lortzearekin batera. Krisi ekonomikoari aurre egitea aipatu duzu. Urola Kostan langabezia bikoiztu egin da 2007tik. Zer politika zehatz planteatzen dituzue? Nik uste dut argi eta garbi zenbait joera markatu dela Urola Kostan. Azkoitian eta Azpeitian berrikuntzaren alde egin dute argi, eta hori jarraitu beharreko joera izango dela uste dut. Berrikuntzak izan behar du egoera ekonomikoa sustatu behar duena. Horretaz gain, Urola Kostan beste balio bat ere badugu, geoparkearen inguruan. Hor aukera politak daudela uste dut, eta ez turismo aldetik bakarrik. Hainbat ekintza berri egin daiteke, formakuntza aldetik ere bai. Hori sustatzeko eta hor ere lanpostu berriak sortzeko aukera dugula uste dut. Orain gutxi ere flysch-ean aurkikuntza berria eta nahiko garrantzitsua egin dute, eta nik uste dut gauza horiei ekin egin behar diegula, eta alde horretatik ere aukera zehatzak baditugula aurrera egiteko. Baina, inongo zalantzarik gabe, berrikuntzan oinarritutako lanpostuak behar ditugu; betikoak badirudi txinatarrek badakizkitela guk bezain ondo egiten, eta zerbait gehiago jarri behar diegu. Eta Urola Kostan falta zaigu; hasi gara egiten zerbait, baina nik uste dut hor jauzi kualitatibo bat eman behar dela. Industria eguneratu egin behar da eskualdean, beraz. Bai. Nik uste dut 1980eko hamarkadan, krisi gogorra izan zenean, gure industria gai izan zela nolabait berritzeko eta zetozen erronkei aurre egiteko, eta orain berriz ere beste berrikuntza bat egin behar da, datozen erronkei aurre egiteko. Baditugu sektoreak nahikoa indartsuak direnak, eta industria nahikoa onak inguru horretan [Urola Kosta]. Jauzi hori ematen pixka bat lagundu egin behar da. Neu agian Zumaian bizi naizelako jarriko dut adibidea, baina ontziolak ere hor ditugu. Sekulako aldea egin zuten orain 20 urtetik egunera. Horrek esan nahi du sektore hori mantendu egin dela, eta baduela aukera aurrera egiteko. Bide hori jarraitu behar dugu, baina analisia egin behar dugu banaka-banaka: zer laguntza mota behar dituzten; nazioartera egiteko nolako laguntzak behar dituzten; gazteei enpleguak eskaintzeko laguntzak ere badaude… Uste dut badugula zerbait egiteko. Lehen egin zen, eta orain ere aukerak badaude. Gorteen eraketa kontuan hartuta, nolako elkarlanak eta zeinekin aurreikusten dituzue? Abertzaleen artean elkarlanerako aukerarik ikusten al duzue? Gu, EAJ bezala, elkarlanerako beti prest egon gara edozeinekin, eta Euskadiren aldeko interesak defendatzeko, noski, hala egin dugu orain arte. Eta argi dago indar abertzaleok badugula hainbat interes komun, eta, noski, nik uste dut interes horiek defendatzeko akordioak posible izango direla, eta lortuko ditugula; ez dut inolako zalantzarik. Beste taldeekin ere bai. Nik uste dut jokoa egongo dela. Datorren legealdia bi ardatzek markatuko dute: krisi ekonomikoak eta bakegintzak. Krisiari dagokionez, hartu beharreko neurriak adostu beharko dira, eta PPk ezingo ditu bakarrik hartu, nire ustez, nahiz eta gehiengo osoa eduki. Bakegintzari eta normalizazio politikoari dagokionez, nik uste dut hor badagoela beste ardatz garrantzitsu bat, eta alderdi abertzaleok zeresan handia izango dugula, nahikoa indar metatu dugulako. Azkenean, badirudi Uxue Barkos ere han egongo dela, ez bada kanpoko botoekin ezer gertatzen behintzat, eta nik uste dut indar pixka bat badugula guztiok elkarrekin lan egiteko. Bi ardatz horien inguruan askotariko akordioak ikusiko ditugu, eta aurrerapenak ere bai, nire ustez.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide