Sahararen Aldeko Lankidetza Astea antolatu du Darahli elkarteak. Ildo horretatik, Sahararen kulturan oinarritutako erakusketa zabaldu dute gaur eguerdian. Jende ugari gerturatu da hura ikustera. Abenduaren 3ra bitartean izango da ikusgai erakusketa, 18:00-20:00 bitartean astegunetan eta 12:00-14:00 eta 18:00-20:00 bitartean asteburutan.
Bestalde, Alondegiaren kanpoaldean olagarro burruntziak salgai dituzte elkarteko kideek. Salmentetatik lortutako irabaziak 2012an zumaiarrek Saharako errefuxiatu kanpamenduetan burutuko dituzten ekintzetara eta bertara bidaliko dituzten laguntzetara bideratuko dituzte.
Arratsaldean, berriz, elkartasun dantza egingo dute herritarrek, Kofradia plazan. Luisi Gomezek aerobik saioa gidatuko du eta Marijo Zubiak Free Dance jardunaldia. DJon Urbietak girotuko du ekitaldia. 18:00etan hasiko dute saioa.
