Azaroaren 5ean eta 6an izan ziren uholdeek eragindako kalteen balorazioa egin du Aiako Udalak eta ikusitakoaren arabera dirutan 60.000 euro inguruko kalteak izan dira Aiako baserri eta herri bideetan. Datu horiek azaroaren 11ra bitartekoak dira, izan ere, oraindik, kalteak izan diren beste hainbat lekutik deiak jasotzen ari baitira, nahiz eta beraien esanetan gutxi izan. Kalte horiei Udala ari da aurre egiten, alkatearen esanetan, gainontzeko administrazioek, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzak ez baitute zehaztu, oraindik, diru laguntzarik bideratuko diguten edo ez baserri bide eta herri bideetako kalteei aurre egiteko. Espero dut zerbait laguntzeko modua aurkituko dutela, hala eta guztiz ere, nahiko berandu dabiltzala iruditzen zait, inolako gauza zehatzik mahai gainean jarri gabe.
Foru Aldundia Espainiako Estatuari diru eske
Horren harira Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dute diputazioko ordezkaritza bat Madrilen izan dela. Espainiako Gobernuko Barne Idazkaritzako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bilera egin eta Espainiako Gobernuari duela bi asteburuko uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko diru laguntza bereziak eskatu dizkio.Garbiñe Errekondo Foru Administrazioko diputatuaren esanetan, Foru Aldundiaren ustez Gipuzkoako Lurralde Historikoak jasan dituen kalteak handiagoak dira legeak aurreikusitako laguntzak baino. Era berean, Errekondok azpimarratu du kalte handiak jasan dituztela lurraldeko baratzek eta baserrietako bideek eta Espainiako Gobernuak erantzun zuela diru laguntza hauek Nekazaritza eta Landa Ministerioetatik ematea aztertuko dutela. Gipuzkoatik diru laguntza bereziak eskatu zituzten lantegi, denda, etxebizitza, automobil eta motoentzat ere. Zentzu honetan, dirudienez ez da arazorik izango interes baxuko kreditu ICO linea berezi bat irekitzeko. Bitartean, adierazi dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako Jarraipen Batzordeak martxan jarraituko duela kalteak neurtzeko, departamentuak, administrazio publikoak eta inplikatutako erakundeak koordinatzeko eta neurri egokiak hartzeko.
Santio Erreka
Balorazio hori egiterakoan, jakinarazi dute, ez dituztela Santio Erreka auzoan jabego partikularretan izandako kalteak kontuan hartu, bakoitza beraien seguru bitartez ari baitira moldatzen. Bestalde, Aiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie azaroaren 6an Santio Erreka auzoan auzolanean jardun zirenei, beraien laguntza oso baliotsua izan baitzen gauzak bere onera bideratzeko. Era berean, kalteak izan dituzten herritarrak ere eskertu nahi ditu, egoera horren aurrean izan duten jarrera eta laguntzeko prestutasunagatik.
Orion apenas kalterik
Orioko Udaletik esan digutenez, uholdeek ez dute aparteko eraginik izan herrian. Toki Alain, Erriberetan edo Anibarko portuan, esaterako, hainbat garajetan ura sartu bazen ere, kalteak ez ziren hain handiak izan eta Udalean ez dute kexa edo salaketarik jaso. Bestalde, Arantzazuko Andre Maria auzunean gainezkabidea ez zuten garaiz ireki, baina gero suhiltzaileek konpondu zuten arazoa pilatutako ura kenduz.
Hala ere, asteburuan bertan eta ondoren hainbat irudi jaso genituen uholdeen ondorioak ikusteko.