San Nikolas festak antolatzeko bilerak hasi dira eta urteetako ohiturak eta proposamenak tartekatuko ditu egitarauak. Horren harira hainbat proposamen egin dituzte antolatzaileek eta herritarrei ekitaldietan parte hartzeko dei egin nahi diete.
San Nikolas bezperan, festak indartsu hasteko txupinazoan danborradan aterako dira herritarrak eta horretarako elkarteetako kideak parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Danborradarako San Nikolas martxa, Orioko ereserkia eta balearena prestatuko dituzte Orioko Musika eskolako bandak eta txarangak. Salatxo abesbatzak eta Harribil dantza taldeak ere hartuko dute parte. 21:00ak aldera, herrian buelta bat emanda, zutikako otordu arina izango da plazan, parte-hartzaile guztiak eta herritarrak han direla eta gauean Haiek Garaiak festa izango da Txirla, Errusta-Koasta eta Gaztetxeko giroa gogoratuz, propio prestatutako jaian.
Izena ematea
Danborradan parte hartzeko azaroaren 20a baino lehen eman behar da izena eta elkarteko bazkide ez direnek ere izena eman ahal izango dute kide edo bazkideen lagunak izanez gero eta hogei laguneko taldea osatzen saiatu behar dute elkarteek, elkarteetan izena eman ezean lehen entsegura azaldu baino ez dute egin behar animatzen direnek. Izen ematea doakoa da. Elkarte bakoitzak danborrak edo barrikak nahi dituen aukeratu beharko du, izan ere, talde guztiak bat izango baitu. Danbor joleek alkandora zuria, mahoizko galtzak, zapia eta txapela jantzi beharko dituzte; barrika joleek, berriz, marinera, mahoizko galtzak, zapia eta txapela.
Entseguak- Azaroak 23, asteazkena, Kultur Etxean, 20:00etan.
- Azaroak 29, asteartea, Kultur Etxean, 20:00etan.
- Abenduak 1, osteguna, Kultur Etxean, 20:00etan.
- Abenduak 3, larunbata, Kultur Etxean, 12:00etan.