Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aiako Udalak pasa den azaroaren 5ean eta 6ean izan ziren uholdeek eragin zuten kalteak zenbatu ditu; guztira herri eta baserri bideetan 60.000 euroko kalteak eragin zuten euriteek, Udalak plazaratu dituen datuen arabera. Zenbatutako kalteak hilak 11era bitartekoak direla argitu du Udalak, oraindik orain dei bakar batzuk jasotzen baitituzte, «nahiz eta oso gutxi izan».
Orain arte zenbatu dituzten kalteak herriko bide publikoetakoak soilik dira, jabetza partikularretan izan ziren kalteak beraien aseguru etxeen bidez ari direlako moldatzen.
Igor Iturain Aiako alkatearen arabera, momentuz kalteen gain Udalak hartu du, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari diru-laguntzak eskatu baldin badizkiete ere: «Gainotzeko administrazioak, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ez dituzte oraindik zehaztu dirulaguntzarik bideratuko diguten edo ez baserritarren bide eta herri bideen kaltei aurre egiteko».
«Laguntzeko modua» aurkituko dutela «espero» duela gaineratu du, baina horretarako dagoeneko «berandu» dela uste du, «inolako gauza zehatzik mahai gainean jarri gabe» jarraitzen dutelako.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, diru laguntza «berezia» eskatu dizkio Espainiako Gobernuari, inguruko baratzek eta baserrietarako bideek «kalte handia» jasan dituztelako. Aldundiaren arabera, Espainiako Gobernuak diru laguntza horiek Nekazaritza eta Landa Ministerioetarik ematea aztertuko dituela erantzun du.
Aiako Udalak, auzoan lanean jardun zuten herritarrei eta kaltetuei eskerrak eman dizkie, «beraien laguntza oso baliotsua izan baitzen gauzak bere onera bideratzeko». Horiez gain, kalteak izan dituzten herritarrak ere eskertu ditu Udalak, «egoera honen aurrean izan duten jarreragatik eta laguntzeko prestutasunagatik».