Kultura sailak Lizardi antzokirako egitaraua bete-betea antolatu du. Datorren urteko urtarrilean ekingo diote programazioari, eta Ruper Ordorika oñatiarra izango da egitaraua zabalduko duena. Emanaldi horretan Hodeien azpian azken lana aurkeztuko du, eta Mugalariak taldeko kideak izango ditu lagun Lizardiko eskenatokian.
Ordorikaren zuzenekoaz gain, beste hainbat ekitaldi izango dira antzokian. Jakinarazi dutenez, hilean bi emanaldi izango dira, bata haurrei edota familiei zuzenduta eta bestea helduentzat. Aldez aurretik Sanz Enean eskura daitezke sarrerak, emanaldiari dagokion hilaren lehenengo egunetik aurrera. Haurren emanaldietarako sarrerek 3 euroko kosta dute; helduenak, berriz, bost euro.
Egitaraua
Urtarrilak 14, larunbata
-Ruper Ordorikaren kontzertua. Hodeien azpian disko berria aurkeztuko du musikari oñatiarrak. Mugalariak taldearekin (Hasier Oleaga, Lutxo Neira eta Arkaitz Miner) arituko da zuzeneko aurkezpen horretan. 22:00etan izango da kontzertua.
Urtarrilak 15, igandea
-Katillukadak txontxogilo emanaldia. Kontakatilu taldearen eskutik, haurrei zuzenduriko saioa izango da, batez ere LHkoei. Lau ipuin labur antzeztuko dituzte Aitor Ormaetxeak eta Mikel Ibarzabalek, bakoitzean teknika ezbedina erabiliz. 55 minutuko emanaldia izango da.
Otsailak 10, ostirala
-Gure bide galduak antzezlana. Dejabu konpainiaren eskutik, errealismo magikoz zipristindutako ikuskizuna. Euskal Herriko historia hurbila du abiapuntu. Aktoreak: Urko Redondo, Miren Alkala, Maria Alonso, Iñigo Aranbarri eta Ainara Gurrutxaga.
Otsailak 11, larunbata
-Arratoitxo Pinpirina antzezlana. Glu gu taldearen eskutik, 3-9 urte bitarteko haurrei zuzenduriko ikuskizuna da. Kantuak, dantzak eta komendia uztartzen ditu ipuin klasikoaren moldaketak. Aktoreak: Leire Ucha, Ugaitz Alegria eta Gabriel Ocina.
Martxoak 10, larunbata
-Bodologuak antzezlana. Gaur egungo gaien inguruko bakarrizketek eta elkarrizketek osatzen dute: euskalduna izatearen burukominak, elizaren mundu zoragarria, elkarte gastronoamikoak… Aktoreak: Mikel Pagadizabal Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu.