«Gure helburua musika ikasteko prozesua naturala izatea da»

Urola Kostako Hitza 2011ko azaroaren 15a

 Bihar hasiko da 10. Klarinete Maratoia, Zumaiako Udal Musika Bandak antolatuta. Marixi Sesma ibili da koordinatzaile lanetan. Ekimen berezia da, eta sona irabazi du nazioartean ere. Ameriketako Estatu Batuetako aldizkari batean lekua egin izan diote. Aurtengo berrikuntzetako bat gaurko mahai-ingurua da. Zertaz ariko zarete? Hezkuntza sistemarekin sartuko gara. Gazte batek musika ikasi nahi duela esatea ez da normaltzat hartzen, eta guk uste dugu naturaltasun handiagoa izan beharko lukeela prozesuak. Musika kontserbatorioan sartzen den ikasleari erabat aldatzen saio bizimodua, astean hiru aldiz joan behar duelako. Malguagoa izatea nahiko al zenuke? Erraztu egin beharko litzateke bidea. Hausnarketa egin nahi dugu. Eskoletakoak etorriko dira, irakasleak eta abar; eta kontserbatorioko irakasleak ere badatoz. Egitarauko beste ekitaldien artean, zer nabarmenduko zenuke? Cos-Art metodoa lantzeko saioa izango dugu, iaz bezala. Yogaren antzekoa da, erlaxatzeko eta energiak ondo bideratzeko balio du. Horrez gain, kontserbatorioko ikasleak etorriko dira kontzertua ematera. Ganbera musikako emanaldia ere egongo da ostiralean. Ia egunero egongo da zerbait klaseak amaitzean. Maratoia ez da soilik eskolekin osatzen. Irakasle lanetan, aurten ere Carlos Casado ariko al da? Bai. Lehen urtetik etortzen da. Duela hamar urte, gonbidatu genuenean, originala iruditu zitzaion maratoia. Urtero etorri da. Casado erreferentzia da klarinetearen arloan, eta erakargarriagoa egiten al du ikasleentzat? Bai, dudarik gabe. Berak esandakoari kasu gehiago egiten diote ikasleek. Oso ona da, eta pedagogo bikaina. Zenbat ikasle etorriko dira? Berrogeita hamarren bueltan. Muga jarri ohi dugu, bestela ez ginateke iritsiko. Mailaka banatzen ditugu ikasleak, eta klase batean denak batera jartzen ditugu, gutxi jotzen duena kontura dadin beste maila bateko batekin jo dezakeela. Bakarkako klaseak ere badaude aurten, Casadorekin ikasi nahi dutenentzat. Besteak beste, Gasteizko eta Iruñeko kontserbatorietako ikasleek hartuko dute parte bakarkakoetan. Zein dira Klarinete Maratoiaren helburuak? Musika ikastea prozesu naturala izatea. Konturatu gabe ikastea, eta mundu hori ezagutzea. Beste helburua da ikasleen arteko sarea zabaltzea. Ikustea beste herrietan ere jotzen dutela klarinetea. Carlos [Casado] harrituta geratzen da honekin: zenbat ikasle etortzen den maratoira, eta gero, zein gutxi joaten diren kontserbatorioetara. Inork ez du hartzen bide hori, hesi antzeko bat dagoelako. Beste helburu bat da ikasleei erakustea beste ikasleen kontzertuak entzun egin behar direla, ikasteko modu ona delako. Zein da hesi hori? Buruaren arazoa izan daiteke, zorrotz ospea dutelako kontserbatorioek. Baina gero, ez da beste munduko gauzarik egiten. Beste lekuetan baino seriotasun pixkat bat gehiago dago. Erregulatuta dago kontserbatorioko ikasketa, eta musika eskoletakoa ez; ezberdintasun hori badago. Kontserbatoriorako pausoa hainhandia ez izatea nahi dugu guk. Lehen edizio hartako helburuak eta oraingoak aldatu egin al dira? Ez. Musika mundua ezagutarazi nahi genion jendeari. Ematen du musika ikastea jende bereziarentzako dela. Eta ez da horrela. Honelako maratoirik antolatzen al da beste nonbait? Bakarretakoak garela uste dut. Ikastaroak asko daude, baina horrelakoak, behe-behetik hasteko aukera ematen dutenak, oso gutxi. Harrobiarekin lanik ez da egiten musikan. Teilatutik hasten gara etxea eraikitzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide