Futbolaz harago

Zarauzko Hitza 2011ko azaroaren 15a

Lizardi Institutuak instalazio berria zabaldu berri du: eskalada-murrua. Gurmendi kaleko eraikin berriko gimnasioan kokatu dute, eta helburua ikasleei, ohikoez gain, beste hainbat kirol praktikatzeko aukera eskaintzea da. «Ikastetxe honetan beti eman zaio garrantzia eskolaz kanpoko jarduerei; kirolari lotutakoei, batez ere», nabarmendu du Lizardi Institutuko zuzendari Igone Azpirozek: «Ugaritasuna oso ohikoa da institutuko planifikazioan, bai ikas ordutegian, baita eskolaz kanpoko jardueretan ere. Ildo horretatik, urteak daramatzagu eskaladako praktikak egiten; herritik kanpo, noski», adierazi du. Iraganean, eskalada praktikatu ahal izateko Oriora edota Donostiara joan behar izaten zutela gogoratu du Azpirozek, «horrek dakarren gastuarekin eta denbora galtzearekin». Aurrerantzean, ordea, bi pausora izango dute «geroz eta zale gehiago dituen kirola» praktikatzeko instalazio egokia. «Eskalada oso teknika interesgarria da, balore asko transmititzeko balekoa delako. Herrian kirol eskaintza anitza da, zorionez. Baina hainbat kirol gutxiengo batek soilik praktikatzen du. Hala ere, ez da ahaztu behar horiek oso ongi hartuta daudela», adierazi du Azpirozek. Horregatik guztiagatik eskalada Lizardi Institutuaren curriculum-ean gehitzea erabaki dute. Hamar urteko borroka Lizardiko arduradunek hamar urte igaro dute eskalada-murrua eraiki nahian. «Hasierako urteetan instalazioa Araba kaleko eraikinean kokatzea pentsatu genuen, euritik-eta babestuta dagoen patio zatian. Hala, beste proiektu batekin egin zuen bat; patioa partzialki estaltzearekin, alegia. Biak ala biak kirola bultzatzeko baliagarriak [...]


Lizardi Institutuak instalazio berria zabaldu berri du: eskalada-murrua. Gurmendi kaleko eraikin berriko gimnasioan kokatu dute, eta helburua ikasleei, ohikoez gain, beste hainbat kirol praktikatzeko aukera eskaintzea da. «Ikastetxe honetan beti eman zaio garrantzia eskolaz kanpoko jarduerei; kirolari lotutakoei, batez ere», nabarmendu du Lizardi Institutuko zuzendari Igone Azpirozek: «Ugaritasuna oso ohikoa da institutuko planifikazioan, bai ikas ordutegian, baita eskolaz kanpoko jardueretan ere. Ildo horretatik, urteak daramatzagu eskaladako praktikak egiten; herritik kanpo, noski», adierazi du. Iraganean, eskalada praktikatu ahal izateko Oriora edota Donostiara joan behar izaten zutela gogoratu du Azpirozek, «horrek dakarren gastuarekin eta denbora galtzearekin».
Aurrerantzean, ordea, bi pausora izango dute «geroz eta zale gehiago dituen kirola» praktikatzeko instalazio egokia. «Eskalada oso teknika interesgarria da, balore asko transmititzeko balekoa delako. Herrian kirol eskaintza anitza da, zorionez. Baina hainbat kirol gutxiengo batek soilik praktikatzen du. Hala ere, ez da ahaztu behar horiek oso ongi hartuta daudela», adierazi du Azpirozek. Horregatik guztiagatik eskalada Lizardi Institutuaren curriculum-ean gehitzea erabaki dute.
Hamar urteko borroka
Lizardiko arduradunek hamar urte igaro dute eskalada-murrua eraiki nahian. «Hasierako urteetan instalazioa Araba kaleko eraikinean kokatzea pentsatu genuen, euritik-eta babestuta dagoen patio zatian. Hala, beste proiektu batekin egin zuen bat; patioa partzialki estaltzearekin, alegia. Biak ala biak kirola bultzatzeko baliagarriak dira, eta, beraz, oso interesgarria zen guretzat», nabarmendu du Azpirozek. Orduan, Udalarekin eta Hezkuntza Sailarekin harremanetan jarri ziren. Hainbat arazo medio, ordea, proiektua «biltegiratuta» geratu zen. Gerora, krisialdi ekonomikoa iritsi zen, eta horrek murriztu egin zituen proiektua aurrera eramateko aukerak.
2010-2011 ikasturtean, berriz, auziak «argi pixka bat ikusi» zuen. Baldintza egokiagoak—besteak beste, eraikina altuagoa da— zituela-eta, Gurmendi kaleko eraikinean instalazio propioa egin ahal izateko egoera aztertzen hasi ziren. Hala, hezkuntza aholkularitza juridikoarekin eta arkitektuekin jarri ziren harremanetan. Udalarekin ere hitz egin zuten, eta erakundeak horretarako diru partida bat eskaintzea erabaki zuen. Guraso Elkarteak eta Lizardi Institutuak berak eman zuten aurrekontua osatu ahal izateko gainontzeko diru kopurua.
Hori hala, irailean bertan hasi ziren lanekin. Azken xehetasunekin amaitu ostean, hil honen hasieran zabaldu dute estreinakoz.
Eskola orduetan nahiz kanpo
Nagusiki, DBHko ikasleek erabiliko dute instalazio berria. Astean bi orduko eskalada eskolak jasoko dituzte horiek, mendi federazioko begiraleen eskutik. Guztira, 400 bat gaztek ikasiko dute eskalatzen; «zentroko ikasle guztiek», hain zuzen. Horrez gain, arratsaldetan eskolaz kanpoko kirol ekintza gisa, eskalada taldetxoak antolatzen ari dira.
Lizardiko ikasleez gain, kirol elkarteek eta federazioek hura erabiltzeko aukera izango dutela nabarmendu du zuzendariak, «betiere hitzarmen baten pean»: «Argi izan behar dugu noiz, nork eta nola erabiliko den. Zentzu horretan, herritarrek erabiltzera irekita gaude, baina baldintza batzuk betez. Zentzu horretan, elkarlanerako prest gaude». Hala ere, ezingo du edonork erabili; izan ere, segurtasun aldetik hainbat pauta jakin beharko du erabiltzaileak, eta begirale baten zaintzapean egon.
Zailtasun maila asko
Bi murruk osatzen dute Institutu berriko instalazioa. Lehena bertikala da, «normala». Bigarrena, berriz, makurtuta edo inklinatuta dago. Zailagoa da, beraz, hura eskalatzea. Horrez gain, murru bakoitzak bi «ibilbide» ditu, eta piezak alda daitezke bide gehiago sortzeko. Hala, bakoitzean sei bide presta daitezke, bakoitza zailtasun maila jakin batekoa. Horrek teknika lantzen lagunduko die ikasleei, eta hobera egiten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide