Euskal Herriko Surf Federazioak antolatu duen Bodyboard Zirkuituko azken proba jokatu zuten pasa den larunbatean Zumaiako Itzurun hondartzan. Hemezortzi urtetik beherako modalitatean Jon Isasti zarauztarrak eskuratu du garaipena. Modalitate honetan eskualdeko bodyboard jokalariak nagusitu dira azken proban. Izan ere, Alex Odriozola eta Xabier Urrestila zumaiarrak lehenengo eta bigarren postua lortu zuten larunbatean, hurrenez hurren. Hala ere, zirkuituan zehar zarauztarrak eskuratu ditu puntu gehien.
Open modalitatean, berriz, Antonio Ortiz nagusitu zen azken proban, baina sailkapen orokorrean Aritz Larrinaga bizkaitarra dago buruan, eta Andoni Izaga zumaiarrak laugarren postua lortu du. Azkenik, Drop Knee modalitatean Alexander Castañedak irabazi du. Sail horretan bertan Haritz Aizpurua zumaiarra laugarren postuan geratu da.
Txapelketako irabazleek
ez ezik, Alex Uranga zumaiarrak ere izan zuen saririk. Izan ere, Euskal Herriko Surf Federazioak txapela eman zion Urangari, datorren urtean munduko 24 bodyboarder onenen artean lehiatuko delako.
Jende ugari hurbildu zen Itzurunera larunbatean, egun osoan. Eguraldia lagun zutela, zirkuituko parte-hartzaileek ere saioa ikusgarriak egin zituzten. Izan ere, antolatzaileen esanetan olatuak «bikainak» izan ziren, eta haizea ere «ona» izan zuten. Hala, guztien artean «giro oso ona» sortu zutela nabarmendu dute antolatzaileek, eta txapelketak izan duen harrerarekin «gustura» azaldu dira.
Euskal Herriko Surf Federazioak antolatutako Bodyboard Zirkuitua pasa zen maiatzean hasi zen, Sopelan (Bizkaia). Abuztuan, berriz, Donostiako Zurriola hondartzan egin zuten bigarren saioa, eta azkena Zumaian izan da. Aurtengo txapelketan Euskal Herri osoko 55 parte-hartzaile aritu dira lehian.