Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Amaitu dira dagoeneko sanmartinak. Ostiralean hasi ziren festak eskualdeko herri eta auzo ugaritan, baina denek ere asteburuan ere ospatu dituzte, jai giroa luzatzeko. Herriko festa nagusiak dira sanmartinak Errezilen, eta jendetza ibili da hiru egunetan. «Gustura» agertu dira antolatzaile lanetan jardun dutenak herritarren erantzunarekin, nahiz eta ekimen batean edo bestean «gauzak nahi bezala ez atera».
«Ostiralean ohi bezala jende asko bildu zen afaltzeko; 260 bat lagun». Hala jakinarazi du Nekane Zinkunegik, festen antolatzaileetako batek. Larunbaterako Gazte Eguna antolatu zuten, eta goizeko krosean «ume dezentek» hartu zuela parte adierazi du Zinkunegik. Gazteen bazkaria ere prestatuta zeukaten eguerdirako, lehenengo aldiz, eta «nahiko emaitza kaxkarra» izan duelakoan daude antolatzaileak. 30 gazte inguru bildu ziren bazkaltzeko. Iluntzeko giza proba ikusteko jendetza bertaratu zela jakinarazi du. Etxekoek irabazi zieten Berrobikoei,lau plazaren aldearekin. Herritarrek zein bisitariek gozatu zuten Sardin Zaharrak eta Egurra ta Kitto musika taldeek eskainitako kontzertuez. Lehen taldeko gitarra-jotzaileak ezin izan zuen Errezilera joan. Beraz, Egurra ta Kittoko gitarristak sei abesti jo zituen haiekin.
Jubilatuen Eguna izan zen igandea, eta Borondegin bazkaldu zuten. Horrez gain, gazta eta postre lehiaketak egin ziren. Aitzarteko gazta izan zen onena epai-mahaiaren esanetan, eta postrerik onena, berriz, Petra Ariztimuñok prestatu zuen. Arratsaldean, Laiotza eta Eutera taldeek herri kirol proba jokatu zuten, eta Laiotza-k irabazi zuen.
Oholtza berriak emaitza onak eman dituelakoan dago Zinkunegi. «Oholtza goian jarrita, kontzertuak antolatzeko askoz ederragoa da. Gainera, txosna bat jarri dugu orain, eta lehen ere jartzen zen barrarekin batera, toki polita gelditu da festarako». Ostirala izaten da egun indartsuena normalean, baina aurten larunbatean inoiz baino jende gehiago elkartu da.
Eskualdea festaz-festa
Eskualdeko bazter askotan ospatu dira, Errezilez gain, San Martin jaiak. Azpeitiko Errebal kalean, Lasaon eta Azkoitiko
San Martin auzoan ere festa giroan murgilduta ibili dira. Errebal kalean bazkaria eta sokamuturra izan zituzten larunbatean auzotarrek.
Lasaon bertso afaria egin zuten ostiralean, eta larunbatean haurrentzako puzgarriak. San Martinen, besteak beste, kanpai festa egin zuten ostiralean, eta larunbatean afaria. Aiako Urdaneta auzoak eta Getariako Askizun ere jai giro dotorea izan dute asteburuan.