Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012ko aurrekontu proiektua gizarteari ezagutarazteko kanpaina martxan jarri du Kontuak garbi, Gipuzkoa berri baterantz lelopean. Horretarako, Martin Garitano diputatu nagusia buru dela hainbat diputatu, zuzendari eta batzarkide Gipuzkoako eskualde guztietan egongo da azaroaren 18ra bitartean, eta herritar guztiek bileretan parte hartzeko aukera izango dute. Gaur izango dute zarauztarrek halako bilera batean parte hartzeko aukera, Antoniano aretoan, 19:00etan.
«Legegintzaldi honetan Aldundiak gipuzkoarrekin partekatu nahi ditu aurrekontuak, haiekin eraiki, eta lehenengo urratsa informatzea eta esku-hartzea izango da», adierazi dute. «Kanpaina honekin Gipuzkoaren egoera zein den erakutsi nahi du Aldundiak. Izan ere, Aldundiak uste du gipuzkoarrek ez dutela egoeraren berri zehatza, oraingo agintariek erakunde honetara sartu arte izan ez zuten bezala». Horren aurrean, «martxan jarriko dugun prozesu hori datozen urteetan parte hartzeko aurrekontuak egiteko ernamuina izango da», diote.