Kristobal Balentziaga Museoak arte zentro eta fundazio batzuetako ordezkariak jaso ditu gaur goizean; guztira, kultura sektoreko 35 ordezkari izan dira Getariako museoan; hala nola, Arabako Arte Ederren Museoa, Donostiako San Telmo Museoa, Jorge Oteizari eskainitako museoa, Euskal Museoa, Lenbur Fundazioa, Bibat Arkeoligia Museoa edota Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren Fundazioko kideak izan dira goizean.
Arduradunek azaldu dutenez, Balentziaga Museoak bere “potentzialtasuna” erakutsi die ordazkari horiei. Hala, Javier Gonzalez de Durana Balentziaga Museoko eta Fundazioko zuzendari nagusiak egin die harrera. Getariako jostunaren 90 pieza inguru ikusi dituzte horiek, besteak beste.
Balentziaga Museoa pasa den uztailetik ari da halako jarduerak egiten; museoarentzat “interesgarriak” diren sektoreei ireki dizkie ateak, eta aurrerantzean ere jarraituko dute egiten; hurrengo saioan arkitekturako eta enpresa sektoreko profesionalei zuzendutako ate irekiak egingo dituzte.