Ertzaintzak 33 urteko gizonezkoa bat atzeman zuen atzo arratsaldean, droga trafikoa egotzita. Gizonezkoari, ustez speed-a, kokaina eta marihuana harrapatu zioten poliziek, besteak beste.
Bizkaia kalean atxilotu zuten gizonezkoa, 18:30ean inguruan; Ertzaintzaren arabera, “susmagarria” beste pertsona batzuekin zegoen, eta poliziak ikustean, objektu bat bota zuen lurrera. Ertzainak bertaratu zirenean, barruan hauts zuria zuten bi plastikozko poltsa atzeman zituzten; iturri honen arabera, ustez hamasei gramo speed-a zegoen bertan. Horrez gain, marihuana eta 235 euro zituela gaineratu du Ertzaintzak. Gizonezkoa atxilotu zuten orduan, osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta.
Ondoren, atxilotutakoaren etxebizitzan egin zuten miaketan kokaina eta marihuana aurkitu zuten ertzainek, iturri ofizialaren esanetan. Era berean, balantza, 7.000 euro baino gehiago eta hiru telefono mugikor konfiskatu zizkiotela gaineratu dute. Gaur goizean Azpeitiko Epaitegira eraman dute atxilotua. Ertzaintzak adierazi du atzoko atxiloketa Zarauzko ertzain etxeak droga kontsumoaren eta trafikoaren aurka abiatutako ikerketa baten ondorio dela.