Etxegabeei zerbitzua emateko neguko aterpetxea prestatu dute

Zarauzko Hitza 2011ko azaroaren 11

Caritas eta Gurutze Gorria elkarteek neguko aterpetxea antolatu dute elkarlanean, neguan zehar pertsona etxegabeei zerbitzua eskaintze aldera. Asteartean irekiko dute, eta otsaila amaiera bitartean egongo da zabalik. Aterpetxea Monte Albertia Institutuaren ondoko eraikinean dago kokatuta, eta 15 bat lagunei ostatu emateko prestatuta dago. Bertan, afaltzeko, arropak garbitzeko, dutxatzeko eta lo egiteko aukera izango dute eskaera egiten dutenek, besteak beste. Horrez gain, boluntarioek eta langileek «babesa eta konpainia» eskainiko diete etxegabeei. «Etxearen berotasuna eskaintzeaz gain, giza berotasuna ere eskainiko diegu: haiekin hitz egin, harremana landu… Askotan hori ere beharrezkoa izaten dute», nabarmendu du Caritaseko boluntario Txus Manterolak. Apopiloak Neguetxean daudela jakiteak «lasaitu» egin dituela gehitu du Manterolaren kide Enkarna Merinok: «Aspaldidanik laguntzen diegu etxegabeei. Asko Mitxelena kalean dugun egoitzara etortzen dira, baina gehienetan ezin diegu nahi beste eskaini, ez baitugu baliabiderik. Neguetxeari esker, orain badugu zerbait eskaintzeko, eta horrek lasaitu egiten gaitu». Hiru kide asteartetik Asteartean bertan hiru kidek hartuko dute ostatu Neguetxean, gutxienez. «Neguak aurrera egin ahala, ordea, jende gehiago gerturatuko da», zehaztu du Merinok. Lehentasuna Zarauzko kaleetan lo egiten urteak daramatzatenek izango dutela nabarmendu dute Caritaseko boluntarioek, eta hiru hilabetez edo hiru egunez bertan geratzeko aukera izango dute. «15 pertsonentzat lekua dugu Neguetxean. Horietatik 10 plaza egonaldi osorako gordeko [...]

Caritas eta Gurutze Gorria elkarteek neguko aterpetxea antolatu dute elkarlanean, neguan zehar pertsona etxegabeei zerbitzua eskaintze aldera. Asteartean irekiko dute, eta otsaila amaiera bitartean egongo da zabalik. Aterpetxea Monte Albertia Institutuaren ondoko eraikinean dago kokatuta, eta 15 bat lagunei ostatu emateko prestatuta dago. Bertan, afaltzeko, arropak garbitzeko, dutxatzeko eta lo egiteko aukera izango dute eskaera egiten dutenek, besteak beste.
Horrez gain, boluntarioek eta langileek «babesa eta konpainia» eskainiko diete etxegabeei. «Etxearen berotasuna eskaintzeaz gain, giza berotasuna ere eskainiko diegu: haiekin hitz egin, harremana landu… Askotan hori ere beharrezkoa izaten dute», nabarmendu du Caritaseko boluntario Txus Manterolak. Apopiloak Neguetxean daudela jakiteak «lasaitu» egin dituela gehitu du Manterolaren kide Enkarna Merinok: «Aspaldidanik laguntzen diegu etxegabeei. Asko Mitxelena kalean dugun egoitzara etortzen dira, baina gehienetan ezin diegu nahi beste eskaini, ez baitugu baliabiderik. Neguetxeari esker, orain badugu zerbait eskaintzeko, eta horrek lasaitu egiten gaitu».
Hiru kide asteartetik
Asteartean bertan hiru kidek hartuko dute ostatu Neguetxean, gutxienez. «Neguak aurrera egin ahala, ordea, jende gehiago gerturatuko da», zehaztu du Merinok. Lehentasuna Zarauzko kaleetan lo egiten urteak daramatzatenek izango dutela nabarmendu dute Caritaseko boluntarioek, eta hiru hilabetez edo hiru egunez bertan geratzeko aukera izango dute. «15 pertsonentzat lekua dugu Neguetxean. Horietatik 10 plaza egonaldi osorako gordeko ditugu; gainontzeko bostak, berriz, hiru egunetarako soilik izango dira, pasaran direnentzat», adierazi du Manterolak.
Hiru hilabetez Neguetxean izango direnek, gainera, gizarteratze prozesuan parte hartzeko aukera izango dute. «Gizarte Zerbitzuetatik horretarako prest dauden pertsonak gizarteratzeko edota laneratzeko ahalegina egingo dugu. Bertakotzeko edota lan munduan sartu ahal izateko erremintak eskainiko dizkiegu, lagundu egingo diegu», azaldu du jendarte zinegotzi Ane Eizmendik.
Bi langile
Proiektuak 24.740 euroko aurrekontua izango du. Udalak emango du diru-laguntza, eta eraikina, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak utziko du. Horrez gain, bi pertsona kontratatuko dituzte Neguetxean lan egiteko. Txandaka egingo dute lan, batek gauez eta besteak goizez. Era berean, hainbat boluntariok egongo dira bertan, langileei laguntzeko.

Datuak
-Neguetxea. Helbidea: Salbide kalea, 10 (Zarauzko osasun zentroaren atzean). Telefonoak: 943-89 43 23/ 619-82 19 31.
-Caritas. Helbidea : caritaszarautz@gmail.com . Egoitza:
Mitxelena kalea 51, behea.
Asteartetan eta ostiraletan
egiten dituzte bilerak, 11:00etatik 12:00etara.
-Plaza eskatzeko. Interesa dutenek Santa Maria La Real parrokian, Caritasen egoitzan, Zarauzko Udaltzaingoan, Gizarte Zerbitzuetan edota Gurutze Gorriaren egoitzan jakinarazi beharko dute Neguetxean ostatu hartu nahi dutela. Eskuorri bat bete beharko dute, eta plaza librerik geratzen bada, apopilo gisa joan daitezke Neguetxera. Bertan erabakiko da, norberaren baldintzen arabera, hiru hilabete geratuko den ala hiru egun soilik. Apopiloak 21:30era bitartean jo beharko dute eraikinera; ordu horretatik aurrera atea itxiko da. 21:00-22:00 bitartean afaria emango zaie; 22:00etan igo ahalko dira gelara eta 23:00etan itzaliko dira argiak. Gosaria 08:00-08:45etara banatuko da, eta 09:00etan irten beharko dute aterpetxetik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide