Errezilgo Udalak %2,8 igoko ditu uraren eta zaborraren zergak 2012an

Urola Kostako Hitza 2011ko azaroaren 10a

2012 ekitaldirako ordenantza fiskalei hasierako onarpena eman dio Errezilgo Udalak. Aho batez hartutako erabakia izan da, eta zerga batzuk igotzea eta besteak bere horretan uztea erabaki dute. Igoko dituzten zergak, urarena, estolderiarena, zaborrarena eta trakzio mekanikodun ibilgailuena dira. Horietan guztietan %2,8 gehiago ordaindu beharko da datorren urtean. Udalbatzak gainerako zerga guztiei igoerarik ez aplikatzea erabaki du, eta hortaz, aurtengo zenbateko bera izango dute. Igoerak, eurotan Ehunekoak eurotara ekarriz, datorren urtean herri guneko etxebizitza bakoitzeko jabeek 46,45 euro ordaindu beharko dute sei hilabetero zabor bilketa zerbitzuarengatik. Baserrien kasuan sei hilabeteroko kopurua 30,84 eurokoa izango da, eta taberna, kafetegi eta elkarteena, besteak beste, 93,18 eurokoa. Merkatal lokalek 72 euro ordaindu beharko dute, eta zerga altuena industri lokalentzat izango da: 179,84 euro ordaindu beharko dute sei hilabetero. Ur horniduraren kasuan ere kobraketa sei hilabetekoa izango da. Etxeko horniduran, metro kubikoko 0,56 euro ordaindu beharko da 60 metro kubiko arterako kantitateetan. 60 eta 120 metro kubiko bitartean, 0,68 eurora igoko da prezioa metro kubikoko, eta 120 metro kubikotik gora, 0,72 euro ordaindu beharko dira. Aurtengo bilketa Aurten zerga batzuekin bilduko duten diru kopuruaren berri ere eman du Udalak. Diru gehien trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zergetatik jasoko dute aurten: 53.641 euro, hain zuzen ere. Horretaz gain, ur horniduraren gaineko zergari esker 14.515 euro bilduko ditu Udalak, eta zabor bilketa zerbitzuengatik, azkenik, 16.726 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide