
Duela bi urte, gonbit berezia jaso zuen Txumai Fernandezek, atletismoko entrenatzaile zarauztarrak. Donostiako Fortuna taldeak hau eskatu zion: Behobia-Donostia lasterketan, emakumezkoen parte-hartzea sustatzeko ahaleginean laguntza emateko. Deialdia egin, eta 90 laguneko taldea osatu zuen. Denak Zarautzen bizi dira, zarauztarrak izan edo ez. Bi urte pasatxo hauetan, korrika asko egin dute, eta lan horrek fruitua emango du datorren igandean: taldeko hogeita hamarren bat emakume Behobia-Donostian aterako dira.
Azkeneko entrenamenduetako bat egiten ari direla hartu dute kazetaria. Ez daude denak, lanagatik batzuek ezin dutelako beti azaldu. Bi bozeramaile aukeratu dituzte, beren esperientziaren berri emateko: Mila Askasibar eta Arrate Loiola. Kontatu dute nola hasi ziren duela bi urte, Fernandezen deiari erantzunez. Ez zuten elkar ezagutzen. «Beno, bistaz-eta bai, baina inoiz ez ginen elkarrekin batera aritu». Kirolak eman die horretarako aukera. Onartu dute hasiera hartan burutik ere ez zitzaiela pasatzen Behobia-Donostian ateratzea: «Iaz ere urruti ikusten genuen», aitortu dute biek.
Baina joan da urtea, eta entrenamenduz entrenamendu sasoi puntu egokia hartzen joan direnez, aurten animatu egin dira. Oso argi daukate zertara doazen: «Ondo pasatzera aterako gara, eta lasterketa bukatzea da gure helburua. Ez goaz denbora zehatz batetik jaistera». Taldea izanik, pentsa zitekeen batera hasi eta batera amaituko dutela proba, baina ez dute horrelako asmorik: «Hasiera batean, behintzat, bakoitza bere aldetik ibiliko gara, eta gero, elkartzen bagara, batera joango gara», esan du Askasibarrek.
Lasterketa amaitu eta gero, korrikalariak bazkaltzera joan ohi dira, eta inguruko sagardotegietan lasterkari asko biltzen da. Zarauzko taldeak, oraingoz behintzat, ez dauka bazkaltzera joateko asmorik: «Gero, akaso, zerbait antolatuko dugu, baina ez dugu ezer lotu», azaldu du Askasibarrek. Loiolak eman du ezer ez antolatzearen arrazoia izan daitekeenaren berri: «Ni etxera joango naiz korrika egin eta gero, lasai eseri eta atseden hartzera».
Etxekoen babesa
Duela bi urte, taldean izena eman zutenean, bakoitzak bere etxean azaldu behar izan zuen zertara zihoan. «Babes osoa eman ziguten», gogoratu dute bi korrikalariek. Loiolak bitxikeria hau ere kontatu du: «Etxean esan zidaten eurak ez zirela gai izango Behobia-Donostia proba egiteko».
Igandean, jende andana bilduko da errepide bazterretan lasterkariak animatzeko, eta multzo ikaragarri handi horretan sartuta izango dituzte etxekoak eta lagunak: «Badute gu animatzera joateko asmoa», esan dute. Eskertzen dira halakoak 21 kilometroko proba luzean, eta gustura hartuko dituzte gertukoen biba, aupa eta txaloak.
Entrenatzen ibili direnean, ordea, bakarrik aritu behar izan dute. Taldean, baina bakarrik. Ordu horietan elkarri emandako animoak baino ez dituzte
izan. Gogor entrenatu direla
azaldu dute: «Hasieran, orain dela bi urte, astean bi saio egiten genituen, eta hala ibili gara orain gutxi arte», esan du Askasibarrek. Baina lasterketa gerturatzen joan den heinean, entrenamenduak biderkatu egin zaaizkie: «Irailetik aurrera astean lau aldiz aritu gara». Eta saioen ezaugarriak ere aldatatuz joan direla esan dute: «Aldapan gora ere jardun dugu, eta ondo prestatuta gaude».
Igandekoa berria izango da gehienentzat, lauzpabostentzat izan ezik, horiek iaz ere atera zirelako. Baina berritasun horretan berri-berria ere ez zaie egingo, beste probaren batean atera direlako aurretik, prestakuntza osatze aldera: «Donostian, duela aste batzuk, 15 kilometroko lasterketa izan zen, eta han izan ginen».
Bistan da ondo prestatu direla. Beharko prestatu. Festa giroko saioa izan arren, gogorra egiten baita. Zarauzko taldea han izango da, duela bi urte hasitako ametsa gauzatuz.