Errezilen San Martin festak ospatuko dituzte, bihar, San Martin egunez, hasi, eta igandera artean. Jaietako ekitaldiz oparo betetako hiru egun antolatu dituzte herriko Festa Batzordeko kideek. Maria Jesus Salsamendi alkateak festak antolatzeko lanean jardun dutenak eskertu ditu sanmartinak hasi aurretik. Hala dio festak iragartzeko atera duten eskuorrian: «Festa Batzordearen izenean jardun dutenak eta egitarau oparoa prestatu duten herritarrak zoriondu nahi nituzke».
Goizean goiz hasiko dituzte festak, bihar, Errezilen. 10:30ean botako dute suziria udaletxeko balkoitik. Oraingo honetan festei hasiera emateko ardura herriko gazteek eta helduek izango dute; hau da, txosna jarriko duten gazteek eta Errezilgo Eguneko Zentrokoen ordezkariek botako dute suziria. Festa Batzordekoen esanetan, horrela festen hasierari garrantzia eman nahi izan diote.
Oholtza estreinua
Aurten, ordea, berrikuntzak
izango dira herriko festetan. Kontzertuetarako eta erromerietarako oholtza frontoian jarri
beharrean, dantzalekuan jarriko dute. Udalak, Domusa enpresak emandako diru laguntzarekin aulkiak, mahaia eta oholtza erosi ditu. Era horretan, frontoian
musika entzuteko zeuden arazoak konpondu dituzte, oholtza dantzalekuan jartzeko aukera izango delako. Beraz, festetako hainbat ekitaldi dantzalekuan antolatuko dute. Esaterako, biharko herri afariaren osteko herriko gaztetxoen dantza emanaldia bertan izango da. Emanaldi hori Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria hasi aurretik izango da bihar.
Txosna jarriko duten gazteek larunbaterako Gazte Eguna antolatu dute San Martin festen barruan. Hala, larunbatean gazte bazkaria egingo dute. Bazkalostean, lagunarteko jolasak egin, eta, segidan, bertsolariekin eta trikitilariekin poteoa egiteko asmoa dute.
Baina muserako zaletasuna dutenek ere non gozatu izango dute larunbat arratsaldean. Borondegin da txapelketa, 16:00etan hasita, eta ordu erdi aurretik izena eman beharko da bertan.
Iluntzean, berriz, Azpeitiko Sardin Zaharrak eta Egurra ta Kitto taldeen kontzertuaren aurretik, herriko sagardoa dastatu eta pintxoak jateko aukera ipiniko dute.
Igandean, erretiratuen eguna izango da sanmartinetan. Egun horretan gainera herriko produktuekin azoka jarriko dute, eta, urtero bezala, gazta eta postre lehiaketa egingo dute.
Egitaraua
Azaroak 11, ostirala, San Martin eguna
10:30. San Martin festei hasiera emateko txupinazoa botako dute txosnako eta Errezilgo Eguneko Zentroko kideek.
11:00. Meza, San Martin parrokian. Ondoren, hamaiketakoa, goiko plazan.
16:00. Haurrentzako jolasak.
21:00. Herri afaria, frontoian, Festa Batzordeak antolatuta.
00:00. Gaztetxoen dantza emanaldia, dantzalekuan.
Ondoren. Izer eta Alabierrekin dantzaldia, dantzalekuan. Atsedenaldian, txinga lehiaketa.
Azaroak 12, larunbata, Gazteen Eguna
12:00. Herriko gaztetxoen
arteko lasterketa, herrian kalean zehar.
14:00. Bazkaria, txosnako gazteek antolatuta.
16:00. Mus Txapelketa, Borondegin. Izena, 15:30etik 16:00etara bitartean eman behar da, Borondegin bertan.
18:00. Bertsolariekin eta trikitilariekin poteoa.
20:00. Maritxu Uzkudun euskal presoaren aldeko elkarretaratzea, goiko plazan.
Ondoren. Herriko baserrietako sagardo dastaketa, pintxoekin lagunduta, frontoian.
p22:30. Giza-proba, beheko plazan. Errezilgo taldeak Berrobikoaren kontra jokatuko du proba.
00:00. Sardin Zaharrak eta Egurra ta Kitto, dantzalekuan.
Azaroak 12, igandea, Jubilatuen Eguna
10:30. Meza, San Martin parrokian.
Ondoren. herriko produktuen azoka eta gazta eta postre lehiaketa, frontoian.
14:00. herriko erretiratuen bazkaria, Borondegin.
17:00. Herri-kirolak: Laiotza Eutera-ren kontra.