2012ko herri-aurrekontuak erabakitzeko herritarren iritzia hartu nahi du kontuan Udal Gobernuak. Bilera irekiak izango dira, zumaiar orok du parte-hartzeko aukera. "Gauza bakarra eskatzen diegu herritarrei, ikuspegi ireki eta eraikitzailearekin etortzea, bakoitzaren interes partikularretatik aurrerago, guztion premiak eta proposamenak kontuan hartzea bultzatu nahi dugu", azaldu du Maitane Agirre parte-hartze zinegotziak. "Lehenik eta behin azalduko dugu gaur egun Udala nola dagoen: Zumaia Lantzen eta frontoiaren gaiak azalduko ditugu lehen bileran, eta bigarrenean Udaleko sail bakoitzean dirua zertan gastatzen den, eta 2012rako zenbat diru dagoen. Informazio guztia eman nahi diegu herritarrei, hortik abiatuta proposamenak egiteko oinarria izan dezaten". Lehen bilera azaroaren 16an izango da.