
D rindots taldeak ibilbide luzea du, eta herriko plazetan eskarmentu handia. 30 urtean Euskal Herriko hainbat eta hainbat plazetan eskaini dute euren show berezia. Asteburuan, ordea, eszenatoki berezi batean egingo dute ohiko ikuskizuna. Gaur bertan Argentinara bidaiatuko dute, Necochea hirira, zehazki. Bertako Euzko Etxean Euskal Argentinar Astea ospatzen ari dira, eta ostiralean zein larunbatean Drindotseko taldekideak izango dira gonbidatu bereziak. Sorpresaz jaso dute taldekideek gonbita. «Hasiera batean Gozategiri egin zioten proposamena. Haiek ezin zutela joan-eta, gu gonbidatu gaituzte. Erabaki pixkat nerabea izan da», nabarmendu du Drindots taldeko kide Ion Arruti Tuti zarauztarrak.
«Informazio gehiegi» ez badute ere, taldekideek badakite Hego Amerika inguruko «euskal jairik indartsuenetariko bat» dela, eta ondorioz, «ilusio handiarekin» jaso dute proposamena. «Oso animatuta gaude, ilusioz. Aurtengo gitarra-jotzaile Beñat Barandianek kale egin digu. Hori dela eta, iaz taldean jardun zuen Mikel Lazkanori proposatu genion bidaiarena. Hasiera batean lau kide joateko prest ginen, baina azkenean Mikel ere animatu zaigu; primeran, beraz», esan du Tuti-k.
Bisita azkarra
«Bisita azkarra» izango dela dio zarauztarrak. «Gaur bertan iritsiko gara Buenos Airesera, eta gaua hiriburuan pasa ostean, hegaldia hartuko dugu Mar de Platara, Nechochera». Hala, ostiralean bertan iritsiko dira hiriko Euzko Etxera, eta gauean eskainiko dute lehenengo emanaldia. «Aurrez Aukeran Dantza Konpainiak Gernika ikuskizuna eskainiko du, eta jarraian afaria izango da. Guri egokitu zaigu emanaldi berezia eskaintzea afalondoan», azaldu du. Saioa «gutxienez kuriosoa» izango dela dio Drindotseko baxu-jotzaileak: «Haiek ezagutzen gaituzte. Euskal musika
ezagutzen dute, baita abestiak ere. Hori dela eta, kantu saio moduko bat egingo dugu lehenengo egunean».
Aurreikuspenak badituzte ere, «iritsi arte» zer egin ez dutela erabakiko nabarmendu du: «Ez dakigu zer-nolako jendea egongo den Euzko Etxean; helduak, gazteak… Jon Urdangarin abeslariaren ikasle talde bat bertaratuko dela badakigu, behinik behin». Urdangarin Lazkaoko Euskaltegiko irakaslea da, eta bertan eskolak eskaintzeaz gain, atzerrian ere tutoretzak egiten ditu, Internet bidez. Ildo horretatik, euskara ikasten ari den argentinar koadrila bat gerturatuko da Necocheako Euzko Etxera.
Larunbatean, berriz, «ohiko erromeria» egingo dute. Astelehenean dute etxera bueltatzeko hegaldia. «Pena ematen du hain azkar itzuli beharrak. Izan ere, astelehenean bertan iritsiko gara Euskal Herrira. Aukera izango bagenu bidaia astebetez luzatzeko, zoragarria izango litzateke».
Ekitaldi folklorikorik ez
Drindots erromeria taldea den arren, aldaera asko dituela gaineratu du Arrutik. «Talde askotatik gatoz egun Drindots osatzen dugun musikariak. Hori dela eta, estilo askotako piezak jotzen ditugu. Itziarren semea jo dezakegu, eta jarraian Mana taldearen abesti bat».
Ildo horretatik, «ekitaldi folklorikorik ez» dutela eskaini nahi nabarmendu du: «Euskal abesti tradizionalak joko ditugu, noski; zati horrek tokia izan behar du gure emanaldian. Finean euskal astea da ospatzen dena. Baina denetarik jotzeko gai gara, eta hala egingo dugu.Ez dugu tipikismo horretan erori nahi».
Hiru hamarkada lanean
Drindots taldea duela 30 bat urte sortu zen, Lazkaon. Urteen joan-etorrian musikari ugarik jo izan dute taldean. Duela lau bat urte batu zen zarauztarra.«Abeslaria da egun jotzen jarraitzen duen jatorrizko talde hartako kide bakarra. Harek ezagutu ditu taldearen garai distiratsuak eta ez hain distiratsuak», azaldu du. Egun,
Urdangarinek (ahotsa eta gitarra), Tuti-k (baxua eta ahotsa), Barandiaranek (gitarra), Fredi Pelaezek (teklatua eta ahotsa)
eta Joxean Floresek (bateria eta ahotsa) osatzen dute taldea.
Kidez aldatu badu ere, Drindotsek beti «esentzia berari» eutsi diola azaldu du Arrutik: «Erromeriak nagusiki euskaraz egiten ditugu, baina ingelesezko edota gaztelaniazko abestiak ere jotzen ditugu. Hori izan da Drindotsen izaera, eta horixe izaten jarraitzen. Finean, beti egin dugu nahi izan duguna, eta horretan jarraitzen dugu».