Kaukasoak herrira gerturatuz

Zestoako Hitza 2011ko azaroaren 9a

Uztailaren 25ean, Santiago Egunez, «biharamunarekin» abiatu ziren Georgia aldera Jon eta Roman Artano anaiak eta Garikoitz Arrizabalaga Errota. Aurtengo uda zen, eta hiru aste eta erdi igaro zituzten zestoarrek Kaukaso Handia eta Kaukaso Txikia mendilerroetan gora eta behera, bizikletaz. Han bizitako abenturez, hango paisaiez eta mendiez, eta hango historiaz jardungo dute gaur iluntzean kultur etxean. Mendi Asteko hitzaldietako bat emango dute Artano anaiek, eta bezperan ikus-entzunezkoa prestatzen aurkitu du Urola Kostako Hitza-k Jon Artano. «Kaukasoek beti erakarri izan gaituzte», azaldu du zestoarrak. Horregatik izan dira Georgian. «Mendia erruz du, Itsaso Beltzaren inguruko kulturek ere erakartzen gaituzte, eta hango historiari buruz ere irakurri dugu zerbait». Bizikletaz ibili dira, hasierako ideia mendiz mendi bidaia oinez egitea bazen ere. Izan ere, mendizaleak dira Artanotarrak; bizikleta zalea, berriz, Arrizabalaga. Azkenean, mendiz mendi bai, baina txirrindura igota ibili dira. Eta bidaia «zoragarria» atera zaie, gainera. Abentura eta guzti. «Mendian galdu egin ginen behin, eta kezkatzen hasita geundenean, gaua gertu zelako, bailara batean erdi nomadak ziren artzain talde batekin egin genuen topo». Eskuzabalik hartu zituzten, eta elkarrekin igaro zuten arratsaldea eta gaua: «Izugarriena harri eta zur utzi genituela ikustea izan zen. Han ez dute telebistarik, eta bazirudien inoiz ez zutela gu bezalako kanpotarrik ikusi». Mahaian eurekin [...]


Uztailaren 25ean, Santiago Egunez, «biharamunarekin» abiatu ziren Georgia aldera Jon eta Roman Artano anaiak eta Garikoitz Arrizabalaga Errota. Aurtengo uda zen, eta hiru aste eta erdi igaro zituzten zestoarrek Kaukaso Handia eta Kaukaso Txikia mendilerroetan gora eta behera, bizikletaz.
Han bizitako abenturez, hango paisaiez eta mendiez, eta hango historiaz jardungo dute gaur
iluntzean kultur etxean. Mendi Asteko hitzaldietako bat emango dute Artano anaiek, eta bezperan ikus-entzunezkoa prestatzen aurkitu du Urola Kostako Hitza-k Jon Artano.
«Kaukasoek beti erakarri izan gaituzte», azaldu du zestoarrak. Horregatik izan dira Georgian. «Mendia erruz du, Itsaso Beltzaren inguruko kulturek ere erakartzen gaituzte, eta hango historiari buruz ere irakurri dugu zerbait».
Bizikletaz ibili dira, hasierako ideia mendiz mendi bidaia oinez egitea bazen ere. Izan ere, mendizaleak dira Artanotarrak; bizikleta zalea, berriz, Arrizabalaga. Azkenean, mendiz mendi bai, baina txirrindura igota ibili dira. Eta bidaia «zoragarria» atera zaie, gainera. Abentura eta guzti. «Mendian galdu egin ginen behin, eta kezkatzen hasita geundenean, gaua gertu zelako, bailara batean erdi nomadak ziren artzain talde batekin egin genuen topo». Eskuzabalik hartu zituzten, eta elkarrekin igaro zuten arratsaldea eta gaua: «Izugarriena harri eta zur utzi genituela ikustea izan zen. Han ez dute telebistarik, eta bazirudien inoiz ez zutela gu bezalako kanpotarrik ikusi». Mahaian eurekin esertzera gonbidatu zituzten, eta eztia, esnea eta jogurtak eskaini.
1.000 kilometro inguru egin zuten bizikletaz, «ia erdia asfaltatu gabeko bideetatik», eta horrek bidaia gogorra bihurtu arren, asko aberastu zuela uste du Artanok. «Bide normaletatik ibilita ikusiko eta ezagutuko ez genukeen gauza asko aurkitu dugu». Kaukaso Handian eta Kaukaso Txikian ibili dira, baina «gatazka eremuak saihestuz, betiere». Izan ere, alde batetik «hiru potentzia handiren mehatxupean» egon dira georgiarrak, eta «historikoki puntu beroa izan da, iparraldean errusiarrak dituztelako; hegoaldean pertsiarrak, iraniarrak; eta hego mendebaldean, berriz,
turkiarrak». Horrez gain, gaur egun bi errepublika autonomorekin ere baditu gatazkak herrialdeak; Hego Osetiarekin eta Abkhaziarekin, hain zuzen. «Guk saihestu egin ditugu eremu horiek, baita Txetxenia ingurua ere».
Itsaso Beltzetik abiatu zuten bidaia, Batumitik. «Herrialdeko bigarren hiri handiena da». Handik Tbilisi hiriburura jo zuten, eta iparraldeko Kaukaso Handira jarraitu: «Iparraldean dago Kaukaso Handia; 5.000 metroko altuera duten mendiak daude han. Hegoaldean, berriz, Kaukaso Txikia dago». Kaukaso Handitik hiriburura jo zuten bueltan, eta Itsaso Beltzera iritsi, azkenik.
«Esperientzia zoragarria» izan da zestoarrentzat. «Topikoa dirudi, badakit, baina materialki gurekin alderatuta pobreak diren arren, paisaiari dagokionez eta naturari dagokionez aberastasuna ikaragarria da, hemengo aldean gutxi ustiatuta dago hura», dio Artanok. Georgiarrei buruz ere iritzi onarekin itzuli dira: «Mendi inguruan ibili gara gehiena, eta segituan hartu izan gaituzte euren etxeetan. Erraza izan da hangoekin harremantzea, eta hori izan da ederrena». Bidaia bizikletaz egiteak «horrelako erraztasunak» ematen ditu. «Ondo hartzen dute halako bidaiaria».
Euskalduna, ezaguna
69.700 kilometro koadroko azaleran 4 milioi pertsona baino ez da bizi, eta hiru aste eta erdian era guztietako jendearekin egin zuen topo hirukoteak. «Lehen egunean Georgiako presidentea ikusi genuen. Limusina batean zihoan, 4×4 ibilgailu mordoaz inguratuta. Sukaldaria ere donostiarra du hark, eta jatetxe ospetsua du Georgian».
Euskaraz esaldi batzuk egiten dakienik ere topatu zuten Tbilisiko metroan: «Han denek dute Euskal Herriaren eta euskal herritarren berri, baita eskola gutxikoek ere. Garai batean teoria zientifiko batzuk euskararen jatorria Kaukasoekin lotzen zuten, eta hori gelditu egin zaie hangoei; nondik gindoazen azaldu beharrik ez genuen izan».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide