Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan izan diren uholdeen ondorioz, Aiako eta Azpeitiko udaletako ordezkariek bilera egin zuten herenegun iluntzean Eusko Jaurlaritzako herrizaingo sailburu Rodolfo Aresekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu Garbiñe Rekondorekin. Gipuzkoan, kalte gehien izan dituzten herriez jardun zuten bileran, eta laguntzak zehazten joateko protokoloak azaldu zituzten, besteak beste.
Orain, herritarrek aseguru etxeekin adostu beharko dituzte kalteak, eta horretarako laguntza eskainiko dute udalek. Azpeitiko Udalak herritarrei adierazi diete epe laburrean jarri beharko dutela harremanetan haiekin. Hau da, «kaltea izan eta zazpi eguneko epean» egitea gomendatu diete. Halaber, aseguru polizak kaltea estaliko ez balu, Ur Partzuegora deitu edo joan beharko luketela jakinarazi dute; 943-43 37 60 telefonoa dute horretarako.
Hala ere, Igor Iturain Aiako alkateak «atsekabez» hartu du bileraren emaitza, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei ez baitiete ziurtatu baserribideetan eta herribideetan izandako kalteei aurre egiteko diru-laguntzak emango dizkietenik. «Kalteei aurre egiteko diru-laguntzen kontua airean geratu da. Printzipioz bakoitzak bere gain hartu beharko dituela adierazi ziguten». Hala izango balitz, Iturainek adierazi du gastu guztiak Udalaren eta partikularren gain geratuko liratekela. «Ziurrenik Udalak hartuko ditu bere gain gastuak. Ahal dugun neurrian lagunduko dugu, eta baserritarrek ahalik eta gastu gutxien izaten ahaleginduko gara». Hala ere, Jaurlaritzaren erantzuna «desegokia» dela uste du Aiako alkateak, eta horien «aldez aurretiko joera» salatu du: «Informazioa eta tramiteetarako pausoak emateko laguntza eskaini digute, baina halako kasuei aurre egiteko diru partida bat sortu beharko lukete».
Bileran, Aresek azaldu zuen legeak ez duela aurreikusten kaltetutako herriak hondamendi eremuak izendatzea. Hala ere, aseguru pribatua ez duteneei diru-laguntzak emango dizkietela adierazi zuen. Laguntza hori, ordea, hasiera batean errenta baxua duten pertsonek jasoko dutela adierazi du Iturainek.
Herritarrekin harremanetan
Aiako Udalak kaltetuak izan diren herritarrei tramiteak egiteko eta eman beharreko pausoak egiteko laguntza eskainiko duela adierazi du; halaber, kaltetu horiekin harremanetan jartzeko deialdi bat egingo duela aurreratu du. Hala, datozen egunetan sortutako kalteen balorazioa egingo duela adierazi du.
Aian, Santio Erreka auzoan izan dira kalte gehienak, pasa den igandean urak gainezka egin baitzuen bertan, eta hainbat bizilagunen etxebizitzetara eta saltokietara sartu zen ura; azken egunetan errepideak garbitzen jardun baldin badute ere, atzo oraindik baserri bateko bidea moztuta zegoela adierazi du Udalak.
Jarraibideak
Azpeitian ere, herrian izan dituzten kalteak konpontzeko, Udalak plan berezia jarri du martxan. Udalak adierazi du ezbeharrak neurtzen ari dela, eta kaltetutako herritarrei «pausoak emateko» jarraibideak kaleratu ditu. Hala, hasiera batean aseguru etxeetara edo Ur Partzuegora jo behar dute herritarrek. Horrez gain, argazkiak eta bideoak izatea «garrantzitsua» dela jakinarazi dute udalek, «seguruari parte emateko». Halaber, kaltetuta geratu den materiala eta etxeko tresnak gordetzea gomendatu dute. Aurrerantzean egingo dituzten margoketen eta material erosketen fakturak gordetzea gomendatu diete herritarrei, ondoren aseguru etxeetan aurkezteko.
Hala ere, Udalak adierazi du balitekeela segururik ez izatea. Hala izanez gero, Ur Partzuergora jo beharko lukete zuzenean.
«Etxebizitza arazoak» dituzten pertsonei, berriz, Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzura jotzeko eskatu diete. Izan ere, larrialdietarako etxebizitza bat duela jakinarazi du Udalak. Beraz, «beharra» duten familiei etxebizitza horretan egoteko aukera eskainiko diote. Horretarako 943-15 72 00 telefonora dei dezakete.
Informazio gehiago lortzeko, berriz, Azpeitiko Udaleko
943-15 72 00 telefonora dei dezakete herritarrek.