Indaux enpresako hamazazpi kide auziperatu ditu David Mayor fiskalak, instrukzio prozesuaren ostean. Hamasei urte bitarteko kartzela zigorra eskatu du haientzat, enpresako diruaz jabetu direlakoan. Auzipetuen artean, R.J.A. finantza zuzendaria izan zena eta P.U.U. inbertitzaile ohia daude. Lehenengoarentzat hamasei urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak, «iruzurra eta dirua zuritzea» leporatuta; bigarrenarentzat, berriz, hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du. Biei, gainera, ustez lapurtutako 22 milioi euroak itzultzeko eskatu die fiskalak. Gainontzeko auzipetuei, berriz, bost eta hamairu urte bitarteko kartzela zigorra eskatu die. Oraindik ez dute zehaztu epaiketa eguna.
Fiskalaren arabera, 2003. eta 2007. urteen artean bi auzipetu horiek Asedir taldearen barruan dagoen Indaux enpresako kapitala «etengabe atera zuten, enpresako bazkideen baimenik izan gabe». «Bien artean», eta «legez kanpo aberasteko» asmoz, «pentsatu, planifikatu eta egin» zuten ustezko funtz-desbideratzea, fiskalaren arabera. Lau urteetan 21.958.014 desbideratzea leporatu die auzipetuei, zehazki.
Familia eta ingurukoak
Fiskalaren esanetan, enpresako gerentea izan zenak «bazkideen konfiantza osoa» bereganatu zuen, eta, ondorioz, taldearen «kontuen eta adierazleen» baimenak eskuratu zituen. Hala, lau urteetan kudeatzen zituen kontuetatik ustez dirua ateratzea egotzi dio. Halaber, Fiskalak adierazi
du zuzendariak mugimendu
horiek «bidezko jatorria»
zutela sinestarazten ziela bazkideei.
Beste auziperatuen artean P.U.U. inbertitzailearen senitartekoak eta gertuko pertsonak daude. Horiek ustez «iruzur bidezko dirua jasotzen zuten, kopuruaren zenbatekoa eurentzat hartzen zuten, eta gainontzekoa zuzendariari eta inbertitzaileari ematen zioten».
Fiskalak argitu du R.J.A.k 2003. eta 2005. urteen artean 120.000 euroko, 30.000 euroko eta 80.000 euroko diru sarrerak egin zituela Santander bankuan; diru horren zati bat Ametsa aurrez prestatutako jakien enpresako 400 akzio erosteko erabili zituen; 24.000 euroko balioa zuten akzio horiek. Luxuzko auto batzuk ere erosi zituela gaineratu du honek. P.U.U.ren kasuan, berriz, ustez 4.071.423 euro sartu zituen bankuan. Akusazioak adierazi du honek izen-mailegatzaile sarea sortu zuela.
2008tik auzia zabalik
Indaux auzia 2008. urtetik dago zabalik. Orduan hasi zen Azpeitiko epaitegia kasua ikertzen, eta zuzendaria eta hainbat kolaboratzaile atxilotu zituzten. Gerora aske geratu ziren, bermea orainduta. Hilabete batzuetara, berriz, Poliziak P.U.U. inbertitzailea atxilotu zuen Costa Rican,«hainbat enpresatan iruzurra egitea» leporatuta.