Urak gainezka egin du eskualdean

Urola Kostako Hitza 2011ko azaroaren 6a

  Euriteen ondorioz, itxita jarraitzen du Zarautz eta Getaria arteko N-634 kostaldeko errepideak, baina 19:00etarako irekitzea aurreikusten dute.  Beste zenbait errepide ere itxita dago eskualdean, baina 15:00etan zabalduko dituztela jakinarazi dute: GI-2634 errepidean, Errezilen 15 eta 18 kilometroen arteko zatia zabalduko dute (luiziengatik itxita dago) eta Beizaman GI-3720 errepidean. Lokatza dago, eta lurra kentzen ari dira han. Errezilen asteburuan izandako euriteak kalte handiak eragin ditu bideetan eta batik bat baserri bideetan. Igande arratsaldetik Errezilgo udaletxean deiak jasotzen, kalteak aztertzen eta lehentasunak jartzen ari dira alkatea eta hainbat herritar. Azpeititik Tolosarako errepidean hainbat lubizi izan da eta Gipuzkoako Foru Aldundiko langileak ari dira garbitzen, baina oraindik ere bidea ez dago erabat zabalik. Errezilgo baserri bideak garbitzeko makinistei deitu diete udaletxetik, "makinistei deitu diegu eta ari dira baserribideak garbitzen, baina denetan ez esatearren, Errezilgo ia baserribide guztietan daude arazoak eta lehentasunak markatzen ari gara”. Gaur Errezilgo alkatea goizeko bederatzietatik udaletxean dago deiak jaso eta arazoei irtenbideak ematen. Errezilgo idazkariak, berriz, ez zuen lanera joaterik izan atzo goizean. Azken egunetan izan diren euriteengatik, Azkoitian, Azkaraten hiru erreietatik bakarra dago irekita momentuan. Semaforoa jarri dute egoera kontrolatzeko. Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, luiziak izan dira inguru horietan, eta lan horiek konpondu bitartean horrela mantenduko dute. Horrez gain, atzo Santa Klara kalean bidea itxita egon zen ibaia hazi zelako, eta zenbait garajetan arazo batzuk ere izan zirela jakinarazi dute Udaltzaingotik, baina orokorrean ez dela "arazo larririk izan" esan dute. Aizarnazabalen ere dezente kalte eragin ditu urak; hainbat baserri bidetan eta bidetan kalteak izan dira. Zehatz auzoan baserri bat edo bestetan inkomunikatuta gelditu dira, bideak itxita izan dituztelako. Amilibian, kanposanturako bidean, Forjas Iraeta parean, bidea erortzen ari da eta atzo goizean alkatea eta arkitektoa joan ziren bertara eta bidea ixtea erabaki zuten. Oraindik ere bidea erortzen ari da eta ez dakite zertan geldituko den. Etxabe auzoan, asfaltoa ere altxatu du urak eta hainbat buzoi puskatu ditu euriteak. Mendi Txiki auzoan hiru lur bizi edo daude bideak oztopatzen. Alkatea eta udaleko arduradunak lehentasunak aztertu eta irtenbidea ematen ari dira. Urola ibaia eta errekak jaisten ari dira eta pixkanaka-pixkanaka egoera bere onera etortzen ari da. Zestoan euriteak batik bat baserri bideetan eragin ditu kalte handienak, hala azaldu du Zestoako alkate Leire Etxeberriak gaur. Herriko baserri bideak garbitu eta bideak irekitzeko ahaleginean lanean ari dira udaletxeko langileak goizean goizetik. Aizarnan eta Ondarbaso inguruan hainbat bide itxita gelditu dira luizien ondorioz, eta horiek garbitzen ari dira langileak eta makinak. Alkatearen arabera, hainbat baserritarrek auzolanean hainbat bide ere garbitu dituzte dagoeneko. Asteburuan, Urola ibaiak gainezka egin du Alberdinekoan, Zestoako bainuetxe aurrean eta Iraetan harrobi parean. Euri jasak ez du etenik, eta ibaiak gainezka egin du hainbat lekutan asteburuan; Azpeitian, esaterako, Madalena auzoko bizilagun batzuk etxetik atera behar izan zituzten igande arratsaldean, Uztarriak jakinarazi duenez; Aiako Santio Erreka auzoan ere igande goizetik ur putzuak sortu ziren, eta arratsaldean urak gainezka egin zuen, Karkara aldizkariaren arabera. Ondorioz, auzo horretan ere ura etxebizitzetara sartu zen, eta pilotalekua estali zuen. Santio Errekatik Oriora doan GI-3710 errepidea itxi egin zuten arratsaldean, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera. Orioko ibai ertzeko baratzeak ere urak hartu zituen, eta gaur goizean oraindik ur putzuak ugariak ziren bertan. Horrez gain, Eusko Trenek Elgoibar eta Zumaia arteko tren zerbitzua bertan behera utzi zuen atzo, eta horren ordez bi herriak lotzen dituen autobus zerbitzu berezia jarri zuen; Aia eta Orion ere autobus zerbitzu bereziak jarri zituen Eusko Trenek Donostiarako norantzan, Usurbilen ere tren zerbitzua eten zutelako. Azken orduetan egindako euriaren ondorioz, Oriotik igarotzen den Oria ibaia gainezka egiteko arriskuan zegoela adierazi zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak; Aiako Santio Erreka eta Olaeta auzoetan ur putzu handiak sortu ziren, esaterako. Zestoan eta Zestoako eta Azpeitiko Lasao auzoan ere Urola ibaia gainezka egitear zen atzo, eta putzu handiak sortu ziren GI-631 errepidean, Zumaiako norantzan; horrek trafikoa makaldu zuen hainbat ordutan. Bestetik, Zarautz eta Getaria lotzen dituen N-634 errepidea itxita dago larunbat gauetik. Larunbatean egin zuen euri jasaren ondorioz, lur eta harri jausia gertatu zen errepidean, 23:00eak inguruan. Eroritako lurrek eta harriek bideko 40 metro inguru hartu zuten, eta horren ondorioz, errepidea itxi egin zuten bi norabideetan. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, oraindik itxita jarraitzen du errepideak. Horrez gain, Urola Kostako hainbat eremutan ere arazoak sortu zituen euri jasak; iturri horren arabera, Azpeitiko GI-3181 errepidean Oñatzera bidean, luiziak gertatu ziren; Errezilen ere, GI-3740 errepidean, zirkulazio arazoak egon ziren goizean. Ur putzuak, ordea, nonahi aurkitu daitezke. Euriaz gain, haizete indartsuak izan dira han-hemenka; Zarautzen, esaterako, 1oo kilometro orduko abiadura gainditu du asteburuan, eta hiru metroko olatuak sortu dira bertan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Euskal Autonomia Erkidegoan martxan jarri duen Uholdeetarako Planeko larrialdi egoera bigarren fasera igo zuen asteburuan. Errepideen inguruko informazio gehiago www.trafikoa.net helbidean aurkitu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide