Bi aste bukaeretan ospatuko dituzte sanmartinak Urdanetan

Karkara.eus 2011ko azaroaren 4a

Herri kirolak, erromeriak, bazkariak eta afariak izango dira besteak beste

Azaroaren 11n, datorren larunbatean, da San Martin eguna, Aiako Urdaneta auzoan, ordea, asteburu honetan hasiko dira ospakizunekin eta hilaren 14ra

bitartean, bi aste bukaere...

Herri kirolak, erromeriak, bazkariak eta afariak izango dira besteak beste

Azaroaren 11n, datorren larunbatean, da San Martin eguna, Aiako Urdaneta auzoan, ordea, asteburu honetan hasiko dira ospakizunekin eta hilaren 14ra bitartean, bi aste bukaeretan ekitaldi ugari izango da auzotarrentzat zein hara gerturatzen direnentzat.

Larunbatean mus partidekin hasiko dira festak eta gauean Ximor irekita egongo da. Iganderako, Zaharren Egunerako ere ez da ekitaldirik faltako: eskuzko eta palazko pilota partidak, harri-jasotzaileak, bertsolariak, trikitilariak, bazkaria, kalejira eta erromeria.

Aste barruko etenaren ondoren, indar berrituta, San Martin Egunean, ostiralez, itzuliko da festa giroa Urdanetara. Meza Nagusiarekin hasi eta gero herri kiroletan arituko dira auzotarrak. Auzoko emakumeek egindako patata tortilla lehiaketa eta dastatzea ere izango da goizean zehar. Arratsalde eta gauean, berriz, trikiti doinuek hartuko dute Urdaneta.

Afaritarako txartelak
Azaroaren 12an, goizez Gorritiren animaliak eta txokolatada izango dira eta gauean, txahal jana izango da frontoian Anjel Mari Peñagarikano eta Amets Arzallus bertsolariek, eta Izer eta Alabier trikitilariek girotuta. Afaritarako txartelak salgai daude, Urdanetako Izarra, Begoña eta Izeta tabernetan, eta Zarauzko Azken Portuko Otzarreta haragitegian, 25 euroren truke.

Hilaren 13an herri kirolek hartuko dute egitarauko tarte zabalena. Izan ere, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a  aita-semeek desafioa egingo dute harri-jasotzen. Markesako 150 kiloko harri kubikoarekin, hiru minutuko epean, zeinek jasoaldi gehiago egin arituko dira. Ondoren, bi talde izango dira aurrez aurre lehian. Ugaitz Mugertza eta Imanol Izeta aizkolariek Izeta I.a eta Izeta II.a harri jasotzaileekin batera arituko dira, Joxe Etxebeste eta Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolarien eta Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.-a eta Izeta IV.-a harri-jasotzaileen aurka. Arratsaldean ere inguruko hiru talde ariko lehian. 20 minutuko denbora tartean Giza Proben Gipuzkoako txapelketa irabazi berri duen Orioko Heldu taldeko zortzi kide 900 kiloko harriarekin eta  Urdanetako Saberri eta Izeta gazteak txandaka, 115 kiloko harriarekin zeinek plaza gehiago egin; eta Izeta II.a 115 kiloko harri baldarrarekin zenbat jaso aldi eman izango da lehia. Gauean erromeriarik ez da faltako Ximorren.

Azaroaren 14an amaituko dituzte Urdanetako festak, Oilasko Biltze Egunarekin.

EGITARAUA

  • Azaroak 5, bihar

16:00 Mus txapelketa.
Gauean, Ximor irekita.

  • Azaroak 6, igandea, ZAHARREN EGUNA

16:00 Mus txapelketa.
11:30 Meza Nagusia.
12:00 Eskuz binaka eta palaz banakako pilota partiden finalak.
13:00 Mikel Lopetegi Urra, eta Xabat eta Joseba Otaegi harri-jasotzaileen erakustaldia, bertsolari eta trikitilariek alaituta.
Ondoren, auzoko nagusiekin, Astiazaran trikitilariekin, eta Telleria eta Loidisaletxe bertsolariekin bazkaria, Indamendi elkartean.
Arratsaldean, auzoan zehar kalejira, bertsolari eta trikitilariekin.
22:30 Astiazaran anaiekin erromeria, Ximorren.

  • Azaroak 11, ostirala, San Martin Eguna

11:00 Meza Nagusia.
12:00 Auzotarren arteko herri kirolak, trikitilariek alaituta.
Ondoren, auzoko emakumeen patata tortilla lehiaketa eta tortilla pintxoen dastatzea.
18:30 Kalejira auzoan, Imuntzo eta Beloki trikitilariekin.
22:00 Imuntzo eta Beloki trikitilariekin erromeria, Ximorren.

  • Azaroak 12, larunbata

16:00 Gorriti’s show. Gorriti eta bere animaliak.
Ondoren, gozokiak umeentzat eta txokolate jatea.
21:00 Txahal jana, frontoian, Peñagarikano eta Arzallus bertsolariek, eta Izer eta Alabier trikitilariek girotuta.
Afalostean, bertso saioa eta erromeria, frontoian.
00:00 Ximor irekita.

  • Azaroak 13, igandea

11:00 Meza Nagusia.
12:00 Palaz binakako pilota partiduen finala.
Ondoren, herri kirolak.
17:00 Herri kirolak.
22:30 Ostolaza eta Andonegi trikitilariekin erromeria, Ximorren.

  • Azaroak 14, astelehena, Oilasko Biltze Eguna

07:00 Diana.
07:30 Auzoko gazteak baserriz baserri oilasko- biltzen, Izer eta Alabierren laguntzaz.
21:00 Bildutako oilaskoekin auzo afaria, Indamendi elkartean.
Ondoren, erromeria izango da Izer eta Alabier trikitilariekin, Ximorren.
23:30 Patata dantza txapelketa, Ximorren.
00:00 Aurtengo jaiei amaiera emateko traka zaratatsua egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide