Zarauzko Eguneko zentroan 10 plaza berri egongo dira datorren urtean, eta 2 lanpostu gehiago sortuko dira. Hala erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Herrialdeko beste hainbat egoitzatan ere egingo ditu inbertsioak.
“Gipuzkoako Foru Aldundiak testuinguru ekonomiko larrian planteatu behar izan ditu 2012ko Aurrekontuak, eta sektore publikoaren defentsa jomuga izanda, arduraz eta zorroztasunez ekin dio lanketa honi. Finantza egoera zailak ez du eragotzi aurrekontuen bitartez oinarrizko behar sozialei lehentasuna ematea”, adierazi dute Aldunditik.
Foru Aldundiko aurrekontu orokorra %13 jaitsi bada ere, Gizarte Politikako Departamentuko aurrekontuak %7,67 egin duela gora jakinarazi dute. Gizarte Politikako aurrekontua aurrekontu orokorraren %47,7 da, 2011eko %42,8ren aldean.