
Cristobal Balenciaga Museoan hileko pieza aurkeztuko dute igande honetan. Museoa inauguratu zenetik, hil bakoitzeko lehen igandean egin izan da jarduera hori, eta oraingoan berrogeita hamarreko hamarkada amaierako beroki bat aukeratu dute.
Pieza 1957. urtean egin zuen Parisen, Leonard etxe famatuko ehunekin. Piezak automobilean bidaiatzeko XX. mendearen hasiera aldera erabiltzen ziren soingainekoak ekartzen ditu gogora. Gainera, arropa alderanzgarria eta funtzionala dela adierazten dute erabilitako materialek; kanezuak eta eskuturreko belarridun zerrendak. Horiek ohikoak dira euritako arropetan; hau da, gabardinetan.
Rachel L. Mellon-ena izan zen berokia. Ameriketako Estatu Batuetako familia aberats bateko kidea zen, eta jostun-sortzailearen bezero garrantzitsuenetakoa.
Gutxi gorabehera hogeita hamar minutuko bi txandatan hitz egingo da piezaren ezaugarri teknikoei eta testuinguru historikoari buruz. Aurrena euskarazko aurkezpena egingo da, eta ondoren gaztelaniazkoa. Euskarazko bisitarako hitzordua 12:30ean izango da, eta gaztelaniazko azalpenak 13:00ean emango dira. Talde txikiak izango dira, eta beharrezkoa da aurrez museoko erakusmahaian edo 943 00 88 40 telefono-zenbakira deituz izena ematea.