Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orioko garraiolari autonomo bat hil da gaur goizean lan istripuz, Villar de Arnedon (Errioxa). Hiru sindikatuak jakinarazi du berria. Sindikatu horren kidea zen hildakoa.
Arnedo eta Ausejo arteko N-232 errepidean gertatu da ezbeharra, Guardia Zibilak jakinarazi duenez. Aseujorantz zihoan kamioi bat errepidetik atera, eta kontrako norantzako bidean sartuz istripua eragin du. Calahorrarantz zihoan Orioko garraiolaria. Beste kamioilaria onik dago.
Hiru sindikatuko ordezkariek "doluminak" agertu dituzte, "sindikatuari hainbeste eman dion lankide baten galeragatik". Era berean, "elkartasuna eta babes osoa" agertu diete hildakoaren senitartekoei, eta "besarkada bat" bidali.
Era berean, Euskal Herriko garraiolari guztiei kamioian, ikus daitekeen lekuan, lazo beltz bat jartzeko eskatu die sindikatuak, dolu gisa. Hogeita lau orduz jarrita edukitzea galdegin die.
"Hau nahiz beste garraiolariek izaten dituzten istripuak ezin dira trafiko istripu soiltzat hartu", salatu dute Hirukoek, "lan istripu gisa baizik". "Ez dira kasualitate hutsa, eredu ekonomikoaren isla baizik; produktibitatea oinarri duen ereduarena, garraiolarien osasunaren eta bizitzaren gainetik irabazi ekonomikoa jartzen duen ereduarena".
"Gisa honetako istripuen arrazoiak sobera ezagunak dira", adierazi dute ordezkari sindikalek, "etengabe salatu baititugu, administrazioaren jarrera sorgorraren aurrean". Besteren artean, "prekarietatea, azpikontratazioa, lan baldintza ezin kaxkarragoak eta lan erritmo bizia" nabarmendu dituzte.