Ohiko surf ereduaz harago

Zarauzko Hitza 2011ko azaroaren 3a

Kantauriko Surf Ligak «ohiko eredua apurtzeko» asmoa du. «Banakako lehia alde batera utzi, eta talde izaeraren garrantzia sustatzea» da ekimenaren helburua. Surf txapelketa eredu berritzailea da, beraz. «Egun indarrean dagoen surf eredua bakarkakoa da. Hori errotik aldatzeko helburuarekin sortu dugu Kanturiko Surf Liga», azaldu du Mikel Troitiñok, Ligaren baitako Zarauzko taldeko partaideak. Euskal Herria Kirolak bultzatutako ekimena da, eta ohiko ereduaz harago, «taldekako lanari lehentasuna ematea» du oinarrian. Hala, herrialdekako taldeak lehiatuko dira ligan. Sei taldek hartuko dute parte: Gipuzkoako bi (Zarauzko Surf Eskola eta Getariako Lonjan taldea), Bizkaiko bi (Bakio Surf Eskola eta Sopelako Peña Txuri Surf Eskola) eta Lapurdiko beste bi (Donibane Lohizuneko Artha taldea eta Angeluko taldea). Parte-hartzaile guztiak surf kategorian ariko dira, taula motzarekin, alegia, eta hiru maila izango ditu talde bakoitzak: neskak, 18 urtez azpikoak eta open mailakoak. Neskei bultzada Bakarkakoa izateaz gain, egungo eredua «matxista» dela dio Troitiñok. Hori dela eta, nesken parte-hartzea bultzatuko du ekimenak, eta horiek beste mailatako surflariekin lehiatuko dira, guztiak aldi berean, eta arau eta baldintza beren pean. Ildo horretatik, «surfaren ohiko balore eta egoerei egokitutako lehia osasuntsua» sustatuko du ekimenak, «taldeen arteko lankidetza eta lagunartea indartuz». «Liga ez da lehiakorra izango, errespetuzko jarrera izango dute surflari guztiek, eta maila [...]

Kantauriko Surf Ligak «ohiko eredua apurtzeko» asmoa du. «Banakako lehia alde batera utzi, eta talde izaeraren garrantzia sustatzea» da ekimenaren helburua. Surf txapelketa eredu berritzailea da, beraz. «Egun indarrean dagoen surf eredua bakarkakoa da. Hori errotik aldatzeko helburuarekin sortu dugu Kanturiko Surf Liga», azaldu du Mikel Troitiñok, Ligaren baitako Zarauzko taldeko partaideak.
Euskal Herria Kirolak bultzatutako ekimena da, eta ohiko ereduaz harago, «taldekako lanari lehentasuna ematea» du oinarrian. Hala, herrialdekako taldeak lehiatuko dira ligan. Sei taldek hartuko dute parte: Gipuzkoako bi (Zarauzko Surf Eskola eta Getariako Lonjan taldea), Bizkaiko bi (Bakio Surf Eskola eta Sopelako Peña Txuri Surf Eskola) eta Lapurdiko beste bi (Donibane Lohizuneko Artha taldea eta Angeluko taldea). Parte-hartzaile guztiak surf kategorian ariko dira, taula motzarekin, alegia, eta hiru maila izango ditu talde bakoitzak: neskak, 18 urtez azpikoak eta open mailakoak.
Neskei bultzada
Bakarkakoa izateaz gain, egungo eredua «matxista» dela dio Troitiñok. Hori dela eta, nesken parte-hartzea bultzatuko du ekimenak, eta horiek beste mailatako surflariekin lehiatuko dira, guztiak aldi berean, eta arau eta baldintza beren pean. Ildo horretatik, «surfaren ohiko balore eta egoerei egokitutako lehia osasuntsua» sustatuko du ekimenak, «taldeen arteko lankidetza eta lagunartea indartuz». «Liga ez da lehiakorra izango, errespetuzko jarrera izango dute surflari guztiek, eta maila askotako kirolariek aldi berean surfeatu eta sari bera eskuratzeko aukera izango dute», adierazi du Zarauzko Surf Eskolako kideak.
Era berean, estreinakoz Euskal Herri osoko surflariak lehia daitezke: «Taldeak guneen araberakoak izan arren, ez du esan nahi herri horietakoak ez diren surflariek lehiatu ezin dutenik. Getariako taldean, esaterako, asko zarauztarrak dira, eta Zarauzkoan, berriz, eibartar bat dugu, besteak beste» .
Lehengo balioetara itzuliz
Talde lana bultzatzeaz gain, surflarien arteko harremanek izango dute garrantzia eta, lehia baino, «lagunartea sustatuko» du. «Egun elite mailako surflarien gunea da kirol hau. Kantauri Surf Ligak, ordea, punta-puntako surfa bultzatu beharrean, lehengo balioetara itzuli nahi du», nabarmendu du surflariak. «Lehengo surfaren balioetara itzuliko gara».
Ildo horretatik, kirolarien arteko harremanek izango dute garrantzia. «Orokorrean, surf txapelketetan surflariak lehiatu eta etxera itzultzen dira. Ez dute denbora hartzen beste surflariekin harremana lantzeko, edo lekua ezagutzeko». Hori dela eta, «truke» modukoa egingo dute taldeek: «Harremanak sustatze aldera, etxean jokatzen duen taldeak bere surf gunea erakutsiko die bisitariei. Hurrengo astean, berriz, pasa den probako bisitariak izango dira anfitrioiak». Bestalde, jardunaldi bakoitzaren ostean, elkarrekin hamaiketakoaz gozatzeko aukera izango dute.
Ordu eta erdiko lehia
Kantauri Surf Liga osatzen duten talde guztiak lehiatuko dira euren artean. Probak talde bakoitzak finkatutako hondartzan zein arerioarenean jokatuko dira. Hala,sei surfgune izango dira guztira. Zarautzen Marina Txiki tabernaren aurrean egingo dute txapelketa, eta Getarian, berriz, Gaztetape hondartzan. Hondartzotan baldintzak egokiak ez direnean, aldiz, Karramarro gunean izango dira surf jardunaldiak.
Igandetan jokatuko dituzte probak, 10:00etan, eta ordu eta erdiz jardungo dute olatuak hartzen. Jardunaldi bakoitzean bi talde lehiatuko dira, eta bakoitzetik sei surflarik hartuko dute parte. Surflari bakoitzak 15 minutu izango ditu olatuak hartzeko, eta puntuazio altueneko hiru olatu hartuko dira kontuan. Behin 15 minutuak pasatuta, lehiatu berri den taldekideak elastikoa taldeko hurrengo kideari emango dio, olatuak hartzeko haren txanda dela adieraziz. Probaren amaieran, taldekide bakoitzaren puntuak gehitu, eta puntuazio orokorra zehaztuko dute. Puntu gehien jasotzen dituen taldea izango da jardunaldiko irabazlea, eta sailkapen orokorrean postu jakin bat izango du.
Datozen probak eta finala
Igandean jokatuko dira laugarren itzuliko probak. Batetik, Bakion lehiatuko dira bertakoek zarauztarren kontra. Sopelan berriz, bertako Peña Txuri taldeak Lonjan taldearen aurka neurtuko ditu indarrak. Final handiaren aurreko jardunaldia, berriz, azaroaren 13an izango da. Gaztetapen arituko dira Lonjan eta Zarauzko Surf Eskola taldeak, eta Bakion, aldiz, bertako taldea eta Peña Txuri. Finala hilaren 20an izango da, Gaztetapen eta Marina Txiki gunean. Gaztetapen Lonjan eta Bakio arituko dira nor baino nor, eta Zarauzko gunean, berriz, bertako taldea eta Sopelako Peña Txuri. Lau taldeetatik puntuazio altuena jasotzen duenak Donibaneko taldearekin lehiatuko da. «Arazo batzuk medio, iparraldeko taldeek ezin izan dute jardunaldi guztietan parte hartu. Hori dela eta, lehenbiziko proban elkarren artean aritu ziren, eta txapelduna zuzenean finalera pasatuko zela erabaki genuen. Hala, hegoaldeko taldeen artean ligaxka jokatu dugu, eta lau taldeetatik puntuazio altuena jasotzen duenak egingo dio aurre Lapurdiko garaileari; Donibaneko taldeari, hain zuzen», azaldu du Troitiñok.
Finalaren ostean, bazkaltzera joango dira ligan parte hartu duten talde guztiak.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide