Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urola Kostako Udal Elkarteak eskualdeko brigadaren bigarren fasea abiatu du, eta Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian hemezortzi langile kontratatzeko deialdia zabaldu du. Bi lanpostu mota sortuko ditu Udal Elkarteak. Batetik, naturaren zaintza
eta natur guneetan mantentze-lanetan arituko dira bederatzi lagun; horietako bat enkargatua izango da, eta besteak peoiak izango dira. Bestetik, beste
lanpostua hiri altzariak mantentzeko eta konpontzeko izango dira, eta kasu honetan ere bat enkargatu lanetan arituko da, eta gainontzekoak peoi lanetan ibiliko dira. Bost herrietan izango dira lanak, eta sei hilabete irango dute.
Lan eskaintza horietan izena emateko epea bihar amaituko da, arratsaldeko 15:00etan. Horretarako, lehendabizi Lanbideko lan eskaintzan eman behar da izena, www.lanbide.net helbidean. Urola Kostako Udal Elkarteak adierazi du lan eskaintza topatzeko nahikoa dela bilaketan Zarautz hitza jartzea. Horrez gain, Urola Kostako Udal Elkarteak Zarautzen duen egoitzako (Urdaneta auzoa 6) sarrera erregistroa bete, edo aurkeztu behar da.
Hala, soilik baldintza bakarra
betetzen dutenak baztertu egingo dituztela esan dute arduradunek.
Urola Kostako Udal Elkarteak egin duen 2011ko Enplegu Planaren baitan sortu ditu brigadarako lanpostuak, «eskualdeko langabe kopuruaren igoerari aurre egiteko asmoz». Egitasmo honen bidez, elkarteak adierazi du langabe gehiagok izango dutela eskualdeko lan taldean parte hartzeko aukera. Proiektuari esker guztira 36 lanpostu sortu dituzte azken hilabeteetan; ekainean lehenengo fasea hasi zuten, eta 18 lagunentzat lan eskaintzak zabaldu zituzten orduan. Orain, beste 18 pertsona kontratatuko dituzte.
Ikastaroak langabeentzat
Lan eskaintzez gain, Urola Kostako Udal Elkarteak Enplegu zentroak izeneko ikastaroak jarri ditu martxan, lan bila dabiltzan pertsonei zuzenduta. Lau ikastaro mota izango dituzte. Batetik, lana bilatzerako orduan, teknologia berriak erabiliz «autonomoa» izatea da ikastaroaren helburua, eta horretarako hainbat eduki landuko dute. Besteak beste, curriculuma eta aurkezpen gutunak egiten eta emailez bidaltzen, posta kontuak sortzen, lanaren inguruko webguneetan Interneten nabigatzen eta lan eskaintzak aurkitzen erakutsiko diete.
Beste ikastaroan, berriz, web 2.0 tresnak, sare sozialak edota blogak landuko dituzte. Lan elkarrizketen inguruko tailerra ere izango da, eta horiek behar bezala prestatzeko froga psikoteknikoak, talde dinamikak eta ohiko galdera-erantzunak ezagutuko dituzte. Azkenik, lanik gabe egoteak sortzen dituen «ezintasun eta egoera pertonalei» aurre egiten ikasiko dute. Zentzu horretan, norberaren burua ezagu edota motibazioa landuko dute.
Lau ikastaroak doakoak
dira, baina aurrez izena eman behar da. Horretarako, 943-89 08 08 telefonora deitu edota
orientazioa@urolakosta.org helbidera idatzi behar da. Astero izango dira eskolak, eta lau eta sei ordu bitarteko iraupena dute.
1urolakosta.hitza.eus