Urtero ohi bezala, udazkenaren bueltan Zestoako Agiro Mendi Taldeak Mendi Astea antolatu du aurten ere. Datorren astean izango dira ekitaldiak, azaroaren 8tik 13ra bitartean. Hiru hitzaldi eta haurrentzako mendi irteera bat antolatu dituzte. Mendi Asteko saioak antolatzerako orduan «hizlariak herrian bizi direnak edo herritarrak izan daitezen» saiatzen dira Agirokoak. Hala esan du Mikel Irurek: «Gure helburua herri mailako saioak antolatzea da». Kanpoko hizlariengana joz gero, aurrekontuak gora egiten duela dio. «Horrez gainera, urtero zerbait berria edo berezia antolatzen saiatzen gara. Beti hizlari ber-berak izan ez daitezen, jende desberdina gonbidatzeko ahalegina egiten dugu», dio. Iaz, Mendi Astearen baitan sorospenari buruzko ikastaroa antolatu zuten, eta aurten gai horri segida emanez, Iñaki Arratibel kirol medikuarekin hitzaldia antolatu dute. «Egin beharreko entrenamendu saioez» ariko da Arratibel.
EGITARAUA:
Azaroak 8, asteartea
-20:30ean, kultur etxean. Iñaki Arratibel kirol sendagilearen hitzaldia izango da.
Gaia: Entrenamenduaren oinarriak.
Azaroak 9, asteazkena
-20:30ean, kultur etxean. Roman eta Ion Artano zestoarrek, aurten Georgiara mendi bizikletarekin egin duten bidaiaren inguruan jardungo dute.
Azaroak 11, ostirala
-20:30ean, kultur etxean. Jabier Manteca geologoaren hitzaldia. Gaia: Zestoa eta bere inguru geologikoa.
Azaroak 13, igandea
-09:00etan, Gurutzetik irtenda. Ostiralean Jabier Mantecak eandako hitzaldiaren gaiarekin lotuta haurrentzako mendi irteera antolatuko du Agirok. Goiz ibilaldia izango da.