Atzo hasita, hainbat lan egiten ari dira A-8 autobideko Zumaia-Zestoako sarrera eta irteeretan. Gaurtik biharrera, esaterako, bi norabideetako irtenbideetan lanak egingo dituzte; gaur 21:00etatik hasi eta 01:00ak arte ariko dira lanean. Hala ere, trafikoarengan ez dute eraginik izango, Bidegi autobidea kudeatzen duen enpresaren esanetan. Bihar, berriz, Donostiatik Zumaiaranzko norabideko irteera itxita egongo da 01:00etatik 04:00etara bitartean. Horregatik, autobideko irteera hori gertuen dauden ordainlekuetatik egin beharko da, Zarauztik eta Itziartik. A-8 autobidean dauden beste edozin ordainlekutik ere egin ahal izango dela gogorarazi dute. Ostegunetik ostiralera bitartean ere izango da aldaketarik autobide inguruan. Izan ere, Bilborako norabidean autobiderako sarrera itxita egongo da, osteguneko 21:00etatik hasi eta 06:00ak bitartean. Ondorioz, trafikoa desbideratu egingo dute kasu horretan ere. Bilboko norabidean A-8 autobiderako sarrera gertuen dauden ordainlekuetatik nahiz autobide horretan dauden beste edozeinetatik egin ahal izango da. Kontuak kontu, Bidegik jakinarazi du aurreikusita dauden aldaketa eta lan horiek eguraldiaren arabera alda litezkeela. Beraz, eguraldi txarrak bertan behera utzi ditzake aipatutako aurreikuspen horiek guztiak, eta beste egun batzuei eragingo lieke.