Larunbatean, urriaren 29an, jendez lepo zegoen Aiako udaletxeko pleno aretoa. Gabino Alustizari, Aiako alkate izandakoari, familiak hainbeste denboran gogor lan egin eta gero, zor zitzaion omenaldia egin zioten.
Gabino Alustiza 1936ko irailaren 20an, Aiako alkate zela, Francoren tropek atxilotu eta Ondarretako kartzelara eraman zuten. Handik hilabete eskasera, urriaren 27an, Hernaniko kanposantuan hil zuten fusilatuta.
Omenaldian, Alustizaren 3 alaba izan ziren presente: Isabel, Manoli eta Milagros. Azken horrek kendu zion Udalak egindako ohorezko plakari estalkia jendearen txaloen artean. Omenaldian, alustizatarrak Laurgaingo palaziora eraman zituen familiako ordezkari bezala, Ana Mari Lardizabal ere izan zen.
Gauzak horrela, familiakoak nahikoa gustura agertu ziren 75 urte eta gero halako omenaldi txiki bat gutxienean egin zitzaiolako Gabino Alustizari.