Goizean goizetik txirrindulariak izan dira nagusi Aritzbatalde inguruan; hirugarren aldiz ari dira ospatzen Mobi Bike Eguna, Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteak antolatuta. Ehundaka haur eta helduk hartu dute parte bertako ekintzetan, eta pedalkata pedalkata euren elkartasuna erakutsi dute; goizean goiz, BTT irteera egin dute dozenaka txirrindulariek inguruko mendietan, eta ondoren, Triatloi txikia egin dute haur eta gaztetxoek; aurten aurreko urteetan baino arrakasta gehiago izan du triatloiak, 300 lagunek hartu baitute parte bertan; Aritzbatalde kiroldegian eta inguruan igerian, korrika eta bizikletan ibili dira horiek.
Beste behin ere kirolak eta elkartasunak bat egin dute Mobi Bike Egunean; triatloiaren ondoren, ehundaka herritar kalera irten dira, eta bizikleta gainean herri martxa egin dute kaleetan zehar; Porrotx pailazoa ere batu da ekimenera. Arratsaldean Pirritx eta Porrotx pailazoek emanaldia eskainiko dute, kiroldegian.






