“Ikaragarria”. Halakoxea izan da aurtengo Zoro Festen eguna antolatzaileentzat. Hala adierazi dio Hitza-ri Hitzeder Arrizabalagak. Jo eta su lanean aritu da joan den asteburuan Martirieta auzora gerturatu den jendetzari festa dotorea eskaintzeko, eta baita lortu ere. Kritika bakarra, Udalari.
Talde handia izan du ondoan lanean Arrizabalagak: «40-60 lagun aritu gara lan guztiak egiten, eta oso ondo portatu dira denak, baita musutruk etorri diren talde eta Dj-ak ere». Iazkoa «erraz gainditu» dute, jende pila izan delako bertan.
Kontuak egin gabe dituzte oraindik ordea, eta Azkoitiko Udaletik zenbat diru jasoko duten ere ez dakite. Iaz 1.000 euroko laguntza izan zuten, «baina aurten autobusak, komunak eta dena geure poltsikotik jarri dugu» eta laguntza horrekin ez dituzte gastuak parekatuko.
Kritika handiena garbiketaren ingurukoa izan da, ordea: «Igandean meza izaten da eta ordurako dena garbituta utzi behar izaten da. Hori da guretzat gogorrena, 24 ordu baino gehiago aritzen gara lanean larunbat goizean hasita, eta Udalari garbitzaileak eskatu arren, inor ez da pasatu oraindik». Hala ere, ondo garbituko zuten dena, «auzoan ez delako inor kexatu».
Oraindik ez dakite hurrengo urtean Zoro Festarik izango den ala ez. Aurrena kontuak egin behar dituzte, Udalarekin hitz egin, eta gero baloratuko dute beraiek asmatutako jaiekin segi ala ez: «Gure asmoa ez da inolaz ere honetatik dirua ateratzea, hori argi dugu, baina hartutako lana baloratu behar dugu, garbiketaren kontua konpontzen ez bada, batez ere».
